Euskal Herrian oraindik lana bada parekotasun batera iristeko. Baita musika arloan ere. Adibide gisa, duela egun pare bat Alex Sardui Gatibu taldeko kantariak polemika sortu zuen bere erranaldiarekin, «Egia da ez dagoela hainbeste emakume lanean, baina inoiz ez da diskriminaziorik egon». Gutxienez 150 artista emakumeek izenpetutako erantzun bat idatzi diote. Baina emakumeek abesten plaza hartzen ere badakite. Eta horren irudiko dugu Urruñan aste hondar honetan ospatuko duten Emeki Festibala.
Emakume abeslariak erdigunean jartzen dituen festibala da honakoa, eta hemengo eta kanpoko artisten talentua biltzeko helburua duela aipatu digu Elena Clerc Charriez festibalaren antolatzaileak. Urruñako herriko etxeak bultzatuta 2 eguneko festibala emakumeei eskainia da, eta programazio anitza izango du, pop folk, country edo rumba/flamenko musikarekin, besteak beste. Iaz aurreneko edizioak arrakasta bildu zuenez, errepikatzea deliberatu du herriko etxeak. Eta aurten berrikuntza batekin, dantza ere protagonista izango baita. Horretarako, Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeko neska guztiak mobilizatuko dituzte igandeko ikusgarrian.
Festibalak balioan jarri nahi ditu emakume artistak. Izan dantza ala musikan, Euskal Herriko eszena gehiena gizonez osatua delako, eta hortik sortu zen EMEKI festibalaren ideia. Elena Clerc Charriezentzat parada ederra da emazteak ohorean ezartzeko.
Euria egingo balu bertan behera utziko lukete festibala. Baina larunbata eguerditik aurrera atertuko duela aurreikusia dutenez, bere horretan mantentzen dute. Hortaz, Emeki festibala larunbatean arratsaldeko 16tan hasiko da, eta bi eguneko programazio oparoa prestatu dute.