Abesten duen herria ez inoiz hilko. Eta Urruñako Pausu auzoan 22 urte daramatzate Xaia ostatuan "Euskal Kantu" ikastaroekin horretan, auzoa biziberritzen ez ezik, bihotzei euskal kantuen bizipoza ekarriz. Urruñako Bakalau elkarteak antolaturik izen-emate epea zabalik dute dagoeneko, eta urriaren 9an itxiko dute. Urtero bezala, kantu ikastaroak bi astean behin antolatzen dituzte Pausuko Xaia ostatuan, asteazkenetan arratseko 20:00tan. Beñat Elizondo, Pausuko Xaia ostatuko nagusiak aipatu digunez, 80 lagun inguruk parte hartu ohi dute, eta bailara osoko euskaldunen artean harremanak estutzeko ere baliagarria da. Izan ere, Urruñatik Hondarribira, eta Irundik Hendaiara, bidasotar anitz biltzen ditu ikastaroak.
Giro ezinhobea sortzen da bertan bi astean behin, eta kantu tailer baino, «kantu terapia» dela azpimarratzen du Elizondok. «Etortzen direnek diote kantu terapia dela, telebista itzali, etxetik atera eta jendearekin elkartu eta kantu zaharrak ikastea umore onean». Hori da plana. Eta gainera Kantu Afariak ere antolatu ohi dituzte urtean bitan, maiatzan eta urrian. Udazken hontakoa urriaren 11n antolatu dute, eta dagoeneko ez dago lekurik. «Betea da afaltzeko, baina pantailan kantuen letrak eta Kuxkuxtu Txarangak animaturik abestera edo entzutera etorri nahi duenak atea zabalik du», argitu du Xaia ostatuko nagusiak.
Biriatuko San Martinak
Bestalde, hilabete bukaeran, aza uzta aroarekin batera Biriatuko San Martin besten bueltan tripotxak prestatzen hasiko dira. Bestak azaroan badira ere, Pausuko ostatu honetan 90 bat kilo tripotx prestatu izan dituzte azken urteetan. Ostatuan bertan menuan eskaintzeaz gain, bertan erosi eta etxera eramateko aukera ere emango dute.