elealai festibala

Ione Iosie: «Aisialdian euskarak espazioak berreskuratzeko helburua du Elealai Festibalak, kultura eta elkarbizitza familian uztartuz»

Aitor Errazkin 2025ko eka. 3a, 14:27

Euskara eta euskal kulturaren egun osoko arnasgune bat eskaini nahi die Elealai Festibalak Urruñako haur eta familiei. Antzerkia, magia, musika eta ikusgarri anitz jasoko ditu Zokoako kiroldegian ekainaren 8an, 10:00etatik 18:00etara. Elirale konpainiaren "Txiotxioka", "Oihaneko Pianoa" ikusgarriaren estreinekoa, Tor magoa, Pontx pailazoa, Maddi Zubeldia & Bernadette Luroren "Makila Kixki" eta hainbat dantza eta antzerki konpainien lanak gozatu ahal izango dira.

Euskara biziberritzeko erronkari erantzunez sortu zen iaz Elealai Festibala Urruñan. Haur eta gazteentzako euskarazko jarduerak eskaintzen ditu egun batez, familia giroan euskaraz bizitzeko aukera eman nahian. Eskolaz kanpoko espazioak euskararentzat berreskuratzea du helburu. Izan ere, Urruñako herriko etxeak Euskara Plan berria osatu zuenean egindako diagnostikoan hainbat hutsune identifikatu zituztela azaldu digu Ione Iosie, Euskara teknikariak.  

Iazko lehen edizioaren bilan baikorra egin ondoan, Elealai Festibalarekin segitzea erabaki dute, elkarbizitza, parte-hartzea eta kultura uztartzen dituen egun osoko aukera ematen duelako. «Haurrentzat ez ezik, haiendako gurasoen eredua bilatu nahi dugu ere, euskaldunak izan ala ez, euskal kultura kontsumitzeak duen garrantzia erakusten ahal dietelako haien seme-alabei», dio Iosiek. 

Ekainaren 8an, igandearekin, ospatuko dute aurtengo festibala Zokoako kiroldegian, 10:00etatik 18:00ak arte adin eta mota askotariko kultur hitzorduekin. 

Egitaraua: 

10:00-11.45 Elirale konpainia / Txiotxioka (3 urtetik gorako haurrei)

10:30 Pontx Pailazoa / Denak plazara!

12:15 Stephane Etchegaray & Patrick Larralde / Oihaneko Pìanoa

14:30 Maddi Zubeldia & Bernadette Luro Makila Kixki

16:00 Dantzalai konpainia / FLA FLA FLA

17:00 Alabena konpainia / Plisti Plasta

18:00 Tor Magoa / Le magicien