beñat elizondo

«SACEM egile-eskubideen elkartea enterramenduetako musikarekin ere hasi da dirua biltzen, segitzen zauzte bizi guzian zehar, baita hil eta gero ere»

Aitor Errazkin 2025ko eka. 4a, 12:21

SACEMek, Frantziako egile, konpositore eta editore eskubideen elkarteak, Beñat Elizondo, Pausuko Xaia ostatuko nagusia auzitara eraman du. Xaian musika jartzeagatik dagokion ordainketa ez duela inoiz egin leporatzen diote, eta ordaintzeko asmorik ere ez duela adierazi du. Bildutako diruaren banaketa ezbaian jartzen du, eta desobedientzia horren aldeko mugimendua batuko duen kolektibo bat sortzeko ideia pausatu du.

2019ko otsailean jaso zuen Beñat Elizondok SACEM erakundearen aurreneko kontrola Pausuko Xaia ostatuan. Horren ondorioz, musika difusioa egiteagatik establezimenduak urtero ordaindu beharreko 742,20 euroko inpostua exijitzen diote. Ez du halakorik inoiz ordaindu, eta ez du ordaintzeko asmorik. Urtarrilaren 15ean kontziliazio bilera bat egin zuen, eta argi adierazi zizkien Elizondok bere asmo eta argudioak. Desobedientzia ekintza hau dela eta, maiatzaren 26an epailearen aurrean agertzeko zitazioa jaso du, baina Xaia ostatuko jabeak argi utzi du ez duela Bordelera joateko asmorik.

Berak, Xaia ostatuan Antxeta Irratia, Euskal Irratiak eta EITB irratietako euskal musika besterik ez duela jartzen defendatzen du, eta antolatzen dituen zuzeneko emanaldietan «aspaldi domeinu publikokoa den errepertorioa» erabili ohi dutela. Era berean, Hego Euskal Herriko euskal musika taldeen kasuan, espainiar estatuko autore eta editoreen (SGAE) erakundeari dagokio horren kontrola egin, dagokion tasa kobratu eta haien obra babestea.

Bildutako diruaren banaketa

Hala ere, arazoa ez da oraingoa. Beñat Elizondok argitu duenez, Xaia duela 30 bat urte hartu zuenetik dabil honekin borrokan. «Garai hartan Miarritzen zuten bulegoa, eta haiekin hitz egin nuen jakin nahian biltzen duten dirua nola banatzen duten, baina ez dira gai izan azaltzeko», dio. Gaur egun SACEMek Angelun du Ipar Euskal Herriko egoitza, eta lurraldean urtero batez bestean 7 milio euro biltzen dituela kalkulatzen du. «Diru hori guztia Parisera edo ez dakit nora eramaten dute» salatzen du, euskal artistek jaso beharko luketena hutsaren hurrengoa dela gogoratuz.

Banaketa hori aldarrikatzeaz gain, SACEM egile-eskubideen elkartearen jokamolde zurrunaz kexu da ere. «Xaiara etorri ziren grabaketa kontrol bat egitera izkutuan», salatzen du Elizondok, «diru pila biltzen dute, lapurtzen dute, eta geroz eta zorrotzago jokatzen dute, ostatu, komertzio, Besta Komite eta elkarteei kobratzen diete». Alde horretatik, erakunde honen diru-gosea salatzen du, eta ahulenekin gogor jokatzen duela. «Orain berriki enterramenduetako musikan ere hasi dira dirua biltzen, segitzen zauzte bizi guzian zehar, baita hil eta gero ere», kontatzen du.  

Esan bezala, ez du epaiketaren zitazioari erantzuteko asmorik. Eta Xaia ostatuko jabeak ekin duen desobedientziaren bidea, beste hainbat ostatuk eta kultur eragilek txalotu duten bitartean, euskal kolektibo bat sortzeko ideia plazaratu du Elizondok. Kristian Borda musikari eta laguna batu zitzaion, eta deia luzatu eta kolektibo sendo bat osatzeok ideia lantzen ari dira orain. Egile-eskubideen ordainketa sistemaren aurka egin beharra dagoela pentsatzen du. Baina argitu duenez, ekimena ez da artisten kontrakoa. «Artistak eta obrak babestu behar direla ez dugu dudarik, baina nahi genuke hemen ere egitea, hartzen duten dirua delako euskal artistei bideratzen».