Urruñan, euskara «ikusgarriago» eta «biziago» egiteko pausoak emateko prest liratekeen eragileak identifikatzeko lanketa egin ondoren, 42 eragilek Bai Euskarari ziurtagiriaren desmartxan sartzeko engaiamendua hartu dute Urruñan. Herriko Etxea eta Bai euskarari ziurtagiriaren elkartea elkarlanean aritu dira azken hilabeteetan, herriko Euskararen Mapa osatzeko xedez. Ione Iosie, Euskara teknikariak azaldu digunez, «herritarrek, egunerokoan euskara ikusi, entzun eta eroso erabiltzeko parada ukan dezaten diagnostikoa egin da, eta eragile bakoitzari egokiak zaizkion neurriak eta laguntza eman zaizkio».
Alde horretatik, Bai Euskarari lan munduan euskararen erabilera garatzearen alde ari den elkartea da, eta eragile pribatuak identifikatzen ditu. Eta Urruñan, konkretuki, Bai Euskarari Ziurtagiriaren elkarteak eskuratzeko interesa agertu duten egitura eta eragileen hizkuntza-egoeraren azterketa egitea proposatu du. Ondoren, haiekin lan egin eta ziurtagiridunen sarean integratzeko. Herriko Etxeak bere partetik, euskararen aldeko urratsa egiteko engaiamendua hartu duten Urruñako 42 elkarte, saltegi, jatetxe eta eragileen mapa osatu du auzoka. Udal ordezkarien arabera, ekimen honek «frogatzen du euskarak bere toki osoa duela Urruñan».