Filipe Aramendi: «Etxebizitza sozial eskasiari erantzuteko, interes orokorrak jabetza pribatu sakratuaren gainetik behar du, juridikoki ahal dela frogatu da»

Antxeta Irratia 2025ko eka. 24a, 11:24

Etxebizitza sozialen defizitari aurre egiteko zailtasunak aztergai izan dituzte Herri Elkargoan Ipar Euskal Herriko hautetsiek. Eraikitzeko lurraren prezio garestia edo lege ezberdinen oztopoak nabarmentzen ditu Filipe Aramendik, Urruñako auzapezak. Lurren prezioa mugatzea eta herriko PLU (Hirigintza Plana) arauan, Echaniz-Le Meur Lege berria aplikatu beharra ikusten du, bizitegien %20 baino gehiago bigarren etxebizitza duten herrietan, bat gehiago ere ez onartzeko, %100 printzipalak behartzeko. 

Hirigintzaren inguruko eztabaidak ukan dituzte Iparraldeko hautetsiek larunbatean Euskal Herri Elkargoko osoko bilkuran. Hautetsiek herrien arteko hirigintza planak izan dituzte mintzagai. Eta Hego Lapurdiko kostaldean dagoen etxebizitza arazoa kontuan hartuta, Filipe Aramendi, Urruñako auzapezarekin hitz egin dugu. Urruña, beste herriko etxe askok bezala duen etxebizitza sozialen sortzeko zailtasunak, lurraren prezio garestia edo lege ezberdinen talka eta oztopoak aipatu dizkigu.  

Jakina den bezala, Hendaia edo Urruña bezalako herriek ez dute SRU Legea betetzen. Erran nahi baita, herriko bizitokien %25 soziala behar duela izan, baina Urruñan %12a da, eta legea betetzeko 600 bizitegi sozial eskas dira. Horren ondorioetako bat da, herriko etxeak urtero isunak ordaindu behar dizkiola estatuari.

Filipe Aramendik aitortu duenez, «2025 honetan 350.000 euroko isuna pagatu beharko du Urruñako herriak». Baina isunetatik haratago, diru hori zertara bideratzen den zalantzan jartzen du auzapezak, eta bere ustez, «herriko etxeen borondate politikoa aintzat hartu beharko luke estatuak». Alde horretatik, Aramendiren udal gobernuak agintaldi honetan etxebizitza soziala sortzeko lanketa sakona egin du. Eta 2026 urtea bitartean 200 bizitoki sozial gehiago lortzeko hainbat proiektu garatzen aritu dira. Zehazki, Urruñako herriko etxeak 90 bizitegi eraikiko ditu ondoko hilabeteetan Iturluxia auzoan, %70 sozialak izanen dira, eta iragarri dutenez klima aldaketaren beharrei egokituak izanen dira.

Baina arazo nagusia horretan aitzinapausoak egiteko, lurraren prezio garestia da. Euskal Elkargoan Filipe Aramendi auzapezak lur pribatuen salmenta prezioak nolabait mugatzeko beharra planteatu du. Bere ustez, «Frantziako gobernuarekin negoziazioa plantan eman beharko da, etxebizitza turistikoekin edo alokairuen mugak ezartzerakoan bezala, interes orokorra, jabetza pribatu sakratuaren gainetik dagoela erakutsi baita juridikoki ere». 

Bigarren etxebizitzak debekatzea

Bestalde, etxebizitza turistikoak ez ezik, bigarren etxebizitzak dira arazo handienetako bat auzapezaren ustez. Hendaian etxe guztien %35 bigarren etxebizitza den bitartean, Urruñan ere lautik bat ez da etxebizitza printzipala. Urte guzikoa, alegia. Iazko azaroan Frantziako Asanbladak onartu zuen “anti-Airbnb” ezizenez ezaguna den Echaniz-Le Meur Legearen ondorioz, aldiz, bigarren etxebizitzak mugatzeko aukera ematen die herrietako PLU edo Hirigintza planei.

Izan ere, bigarren etxebizitzak %20 baino gehiago dituzten herrietan, eraikiko diren bizitegi berrien %100a lehen etxebizitza edo printzipala izatera derrigortu dezake herriko etxeak. Hau da, bigarren etxebizitza berriak debekatu. Gogoan hartu behar da, Urruñako populazioa bikoiztu egin dela azken 20 urteotan. Eta azken datu ofizialen arabera, 10.594 lagun bizi dira herrian. Baina lau etxebizitzatik hiru besterik ez da lehen etxebizitza.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!