Urruñako kultura eta natura uztartuko dituen Bixikienea eremua garatzen hasi dira

Koldo Nausia 2025ko uzt. 2a, 09:10

Postetxeko oporretako udalekua zen eremua erosi zuen 2023an Urruñako herriko etxeak. Eta hausnarketa prozesu sakon baten ondotik, herritarrei irekietako Kultura Poloa bilakatu nahi du herriko etxeak. Sokorriko lurretan 15 hektareako berdegune baten erdian kokatutako zortzi eraikinak berritu, eta herritarrei irekitako elkarte, kultura eta aisialdirako topagunea izan dadin, prozesu parte-hartzaile bat abian jarri dute. Ekainaren 29an ate idekien jardunaldia antolatu dute herritarrek gunea deskubritzeko. 

Urruñako herriak 2022an onartu zuen kultur egitasmoan jaso zen Bixikenea eremua biziberritzeko proiektua. 15 hektareako berdegune batean kokatua, oihana handi bat eta zortzi eraikin biltzen ditu, bertatik itsasoa eta mendia ikus daitezkeelarik. 2020 urtean ateak itxi zituen arte, Postetxeko oporretako udaleku gisa erabili izan diren eraikinak berritzeko asmoa du herriko etxeak. Bertan kultura eta natura batuko dituen gune bat pentsatu dute, bertan instalazio artistikoak ezarriko dira, eta Cut the crap kolektiboak berrituriko jolas gunearekin batera, uda honetan dagoeneko herritarrei 10:00etatik 22:00etara irekia diren hainbat ekipamendu daude bertan, zangobaloia, petanka, ping pong edota babyfoot praktikatu ahal izateko aukera emanez, zein bazkaria eraman eta bertan egun pasa egiteko.

Bixikienea eremuan dauden zortzi eraikinak, Postetxearen opor udalekua zena, berritzeko asmoa du udalak. 

Iragan ekainaren 29an antolaturiko ate idekien jardunaldiarekin eremu hau aurkeztu nahi izan die herriko etxeak urruñarrei. Eta hemendik goiti bertan garatu nahi duten proiektuaren berri eman. Izan ere, Urruñako herriko etxeak 2023ko azaroan eremua erosi zuenetik hausnarketa prozesu bat eraman du. Eta Ione Iosie teknikariak azaldu digunez, «herriko etxeak ezin zuen aukera eskapatzen utzi, eta denbora luzaz hetsirik izan den gunea herriko ondare gisa berreskuratu eta orain herritarrei ireki nahi da». Zehazki, kultur eragileek, herriko elkarteek eta herritarrek partekatuko duten egoitza berria Kultur Polo gisa aurreikusten du herriko etxeak.

Natura eta kultura uztartuko duen gunea

Mementoz, Urruñako Gaztetxea, Hazia elkartea, Besta Komitea eta Korrika egiten duen basoa taldea dira gune berrian instalatuak 2024ko udaz geroztik. Baina Herriko Etxeak zehaztu duenez, gainerako eraikinak berritzeko asmoa dago, «elkarbizitza sustatzen duen gune inklusibo bat sortzeko». Hartara, eraikinetako bat zibilatu dute horretarako, eta joan den apirilaren 17tik maiatzaren 6a bitartean, bertan kokatzeko interesa ukan dezaketen herriko eragile eta artista profesionalei deialdia luzatu zieten. «30 bat hautagaitza jaso genituen, eta 18k bat egin zuten herriko etxearen irizpideekin», dio Iosiek, «orain tailerrak egingo dituzte udan zehar eta udazkenean jarraituko dugu elkarbizitza antolatzeko». Proposamen anitzak izan dira herriko etxeak jasotakoen artean; musika, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota arte plastikoak egiteko bertan.

Hala ere, ez dute artisten bulego edo atelier bat bilaka dadin nahi soilik. Herriko etxearen helburuetan baita, herriko elkarteak eta kultura, hizkuntza, elkarte eta gazte politiken ardura duten herriko zerbitzuak, familia eta lagunarteko ekitaldientzat edota formakuntzak egiteko aukera eskaintzea bertan. Jatetxe bat ere aurreikusten dute epe luzeago batean, eta kanpoaldea proiektuarekin bat egiteko, eta proiektuak «kultura eta natura uztartzeko xedea» duenez, egun eskura dagoen kirol-eremuaz gain, jendeari paseatzeko aukerak eskaintzea pentsatu dute. Diotenez, aitzinkontu parte-hartzailetik eratorritako baso elikatzaile baten proiektua, lorategi publikoa, atsedena hartzeko eta partekatzeko espazioak ere proposatu nahi dituzte bertan.