2002 urtean Pausuko Xaia ostatua kudeatzeko kooperatiba bat antolatu, eta geroago herriko Bakalau elkarteak kultur ekitaldiak antolatzeko ardura hartu zuenetik, euskal kulturaren elkargune izan da. Aldiz, Xaia ostatuaren eraikinak jarduera anitz jaso ditu bere historia luzean. Joseba Aurkenerena idazlearen arabera Xaia Pausuko bi edo hiru etxe zaharrenetako bat da. 1872an kontserbak biltzen zituzten bertan. Zaldi-postako mezulariak eta zaldiak aterpetu zituen ere, eta XX. mende hasieran, antxoak eta sardinak saltzen zituzten bertan, eta hortik omen dator Xaia izena, biltoki esanahiaren adieratik. Haatik, 1920an zabaldu zuten ostatu moduan sei upel handirekin, eta Aljeriako ardoa saltzen zuten bertan.
Mugako lekua izateak era guztietako jendea elkartu izan du beti Xaian. Kontrabandistak eta guardiak, tratulariak... eta ostatu gisa 125 urte eraman ondotik, gaur egun ere, hango eta hemengo bidasotarrak biltzen ditu. Izan ere, Erreferentziazko ostatu izanik, urte osoan zehar aritzen dira euskaraz eta euskal kulturari lotutako ekitaldiak antolatzen. Eta beharbada ekimen arrakastatsuenetako bat, Euskal Kantu tailerra izaten da.
Beñat Elizondo, Xaia ostatuko nagusiak azaldu digunez, «Kantu Terapia» ere deitzen omen diote bertaratzen direnek. Izan ere, ehun lagun inguru elkartzen dira, urritik ekainera, hamabostean behin euskal kantuak abesteko. Eta parte-hartzaileen artean euskara ez dakitenak ere badira. Hortaz, «une goxo bat pasatzeko eta euskara ikasteko ere» baliagarria dela dio Elizondok. Nolanahi ere, Bidasoaldeko txoko guztietatik ez ezik, inguruko eskualdeetatik hurbildutako lagunak ere animatu ohi dira. Urtero betetzen dituzte leku guztiak, eta bertan izena emateko Xaia ostatuan bertan edo (0033) 05 47 75 07 02 telefonora deituz egin daiteke.
Kantuz-kantu ere, joan den urriaren 3an Kantu Afari batekin ekin diote udazkeneko kultur sasoiari Xaian. Eta Elizondok iragarri digunez, azaroan Biriatuko sanmartinak ospatuko dituzte. Bestak irekitzen diren egunean Tripotx Afari herrikoia egin ohi dute Biriatuko Xoldon, baina Xaia ostatuak ere tripotxak prestatuko ditu azaroaren 1etik 30era. Bertan erosi eta eramateko eskainiko ditu, edota azaroaren 7an Tripotx Kantu Afari bat antolatuko dute.
Argazki: Guillaume Fauveau/Berria