AHTaren «arazo ekologiko, sozial eta demokratikoa» aztertzeko hitzaldia antolatu dute Urruñan

Antxeta Irratia 2025eko azaroaren 27a

Abenduaren 5ean (19:30ean), Iturbidea gelan, AHTari buruzko hitzaldia antolatu dute Bizi!, CADE eta ELA sindikatuko kideek diskurtso ofizialen gibelean dagoena argitzeko. AHTak ingurumenaren, jendartearen eta demokraziaren ikuspegitik ekartzen dituen arazoak aztertuko dituzte.

AHT-LGV proiektuari alternatiba serios bat badela aldarrikatzen du Bizi!k. Eta horren adierazteko informazio zehatza eman nahi dute agintari politiko estatalek «saltzen duten diskurtsoaren aintzinean». Izan ere, 2021 urteaz geroztik Hego-mendebaldeko Trenbide Proiektu Handiaren sozietatearen arduradunekin batera, komunikazio ekintzak eta erabaki politiko frango gauzatu ditu egitasmo suntsitzaile eta xahutzaile hau berrikuntza ekologiko gisa saltzen entseatuz.

Baina Bizik dio, azken 30 urteetan, «Ipar Euskal Herriko biztanleek argi eta garbi azaldu dutela AHTaren kontrako jarrera: debaldetasuna, kostua eta inpaktu ekologikoa salatuz». 2012an 10.000 pertsona atera ziren kalera Baionako karriketan, eta tokiko hautetsien gehiengo zabal batek ere kontrako iritzia duela nabarmentzen du. Alde horretatik, batzorde publikoen txostenek behin eta berriz ezarri dute zalantzan proiektuaren errentagarritasuna, baliagarritasuna eta ingurumen-eragina. Eta 2013an gobernuak proiektua baztertu zuela gogoratzen dute.

Hala eta guztiz ere, Abiadura Handiko Trenbide proiektuaren diskurtso ofizialaren gibelean zer dagoen argitu nahian, gai honetan urte luzez mobilizatu diren ingurumeneko (CADE) eta klimaren aldeko (Bizi!) eragileek azalduko dute zergatik AHTa ez den aterabidea, «arazo ekologiko, sozial eta demokratikoa baizik». Martine Bouchet (CADE) eta Xabi Camino (Bizi!) aktibistak proiektuaren nondik norakoen inguruko informazio zehatza emango dute abenduaren 5ean, Urruñan antolatu duten solasaldian. Era berean, ELA sindikatuko kide Igor San Jose gonbidatu dute, Hego Euskal Herriko AHTaren lanetan ikusi diren lan-baldintza prekarioen eta gehiegikerien inguruko lekukotasuna emateko.