Asteazken honetan egin dute Xaia ostatuan, Beñat Elizondo Xaia ostatuko nagusiak «Kantu Terapia» deitzen duen euskal kantu zaharren urteko azken kantu tailerra. Ehun lagun inguru elkartzen dira, urritik ekainera, hamabostean behin euskal kantuak abesteko. Eta parte-hartzaileen artean euskara ez dakitenak ere badira. Hortaz, «une goxo bat pasatzeko eta euskara ikasteko ere» baliagarria dela dio Elizondok. Nolanahi ere, Bidasoaldeko txoko guztietatik ez ezik, inguruko eskualdeetatik hurbildutako lagunak ere animatu ohi dira. Eta Bidasoaldeko herritarrentzako topagune bat dela nabarmentzen du Elizondok.
Euskal kultura hauspotzeko helburu berarekin amaituko du urtea Xaia ostatuak. Baita berria estreinatu ere. Elizondok dioenez, «Xaian abenduaren 33an amaituko da urtea», aurten ez baitute Urtats Gaua ospatuko, baina urtarrilaren 2an Pausuko Besta Komitearen aldeko kontzertua izango da. Durangoko Azokan diskoa aurkeztu berri duen eskualdeko Karma taldearen kontzertu batekin emango diote ongi etorria urte berriari.
2025a «urte oparoa izan da, eta espero dugu berdin jarraitzea, jende pila bat ibili da hemendik izan kontzertuetan, kantu tailerretan edo Bidasoan Euskaraz bestan, eta ez dakigu zer heldu den baina espero dugu berdin jarraitzea», dio. Urtea ondo amaitzeko, berriz, hainbat hitzordu proposatuko ditu Xaia ostatuak egunotan. Abenduaren 19an (19:00etan) Asier Ibaibarriagak HP produkzioak taldeko lagunekin egindako bakegintzan lan isilak duen garrantzia azpimarratzen duen "Txillarreko Sukaldaria" dokumentala aurkeztuko dute. Edurne San Martinekin batera Elkarrek argitaratutako ‘Txilarreko sukaldaria. Pello Rubiori elkarrizketa’ liburuan oinarritutako dokumentala da, eta urrian Elgoibarren estreinatu zutenetik 30 bat emanaldi egin ditu.
Abenduaren 23an, aldiz, 3 urtetik gorako haurrei zuzendutako txotxongilo antzerki emanaldia proposatuko du Ostomila Txotxongilo Talde irundarrak. Ruben Mejuto eta Tamara Cuellar txotxongilorariek dagoeneko Itsasun estreinatu zuten "Olentzero eta Mari Domingi, sorginaren bila" obra taularatuko dute Xaia ostatuan 16:00etan.
Abenduaren 24an, aldiz, Eguberri Gau Pasa antolatu du Xaiak. 20:00etatik aurrera giroa izango da, eta 50 euroko menu berezia prestatu dute, ondoren, gauerditik goiti DJ E. Foria Aka, DJ Oscar Cia eta DJ Claude Martinezekin berandu arte gozatzeko aukera emanez.
Urteko azken hitzordua Euskal Herriko Mus Txapelketaren eskutik iritsiko da. Abenduaren 27an eskualdeko kanporaketa antolatu baitu Xaia ostatuak. Urtero hogei bat bikotek parte hartzen dutela nabarmentzen du Elizondok, eta Lapurdiko finala ere, martxoaren bueltan bertan jokatuko dela iragarri du. Parte hartu nahi duen orok Xaian bertan izena eman dezake, edo telefono honetara deitu (0033) 547 75 07 02