“Elgarrekin urrunago” leloa baliatuz aurkeztu du Elgarrekin Urruña herri dinamikak bere zerrenda eta proiektua martxoko udal hauteskundeei begira. «Urrunago joan» nahi baitu Filipe Aramendik, eta horretarako 12 gazterekin berritutako lantaldea aurkeztu du Posta gelan. 2020tik «trantsizio ekologiko, sozial eta kulturala» egiteko oinarriak jarri dituztelakoan daude, eta orain, abiatuak diren proiektuak garatzen jarraitu nahi ditu Aramendik bigarren agintaldi batekin. «Urruñarren mandatua jaso genuen eta hori martxan jartzeko lan egin dugu, hazi anitz erein ditugu, eta laborantzan bezala, orain garatu eta herritarrek lan horren fruitua jasotzeko garaia da», azaldu du Aramendik.
Alde horretatik, sei urteotan irudikatu duten herri proiektua gauzatzeko bide-orria duela dio Filipe Aramendik, eta «herriaren arima, ondarea eta nortasuna zainduz» interes orokorrean oinarritutako proiektua dela azpimarratzen du.
Egindako urratsetan sakontzeko beharra
Elgarrekin Urruña taldea etxebizitza krisiari erantzuteko PLUa berrikusi du agintaldi honetan, eta baita lur eraikigarriak erosi ere. Baina 610 etxebizitza eskas dira SRU legea betetzeko, eta herriak urtero 350.000 euroko «gaztigua» ordaindu beharra duela oroitarazi du Mirentxu Aramendi egungo Trantsizio Ekologikorako ordezkariak. Hori zuzentzeko, orain Iturluxean, Sokorrin eta Herri sartzean urruñarrentzat 369 bizitoki eraiki nahi dituzte, eta etxebizitza hutsak identifikatu ere merkatuan berriz ezartzeko jabeentzako laguntzekin.
Urruñarren %71 bizitegi sozial bat eskuratzeko baldintzak betetzen dituela gogoan hartzen dute, eta beraz eraikiko diren «gehienak herrikoentzat izanen dira, eta espekulazioari neurria hartuko diogu, baina erronka klimatikoa aintzat hartzen dugu, eta ez ditugu betoinezko paretak eraikiko duela 30 urte bezala, egokitu beharra dugu», aditzera eman du Filipe Aramendik.
Bestalde, trantsizio ekologikoan sakondu eta laborantza lurrak babestu eta gazteak instalatzeaz gain, agintaldi honetan abian jarritako baratzea eta sukalde zentralaren proiektua azkartzea ere aurreikusten du Aramendik, egun banatzen dituen 300 otorduetatik 800era pasaz. «Gaur egun herriko eskoletan banatzen du janaria, baina otorduak herriko adinekoentzat eta langileentzat nahi ditugu, eta enpresaren bat ere interesatua dago bertatik hornitzeko», argitu du Elgarrekin Urruñako hautagaiak.

Ildo beretik, Elikadura Burujabetzako Kontseilua sortu nahi dute. Eta herritarrei hitza usuago emateko ere, Kultura Kontseilu Parte-hartzailea edota Gazteen Kontseilua plantan eman nahi dituzte. Eta agintaldi honetan onartutako Euskara Plana garatu eta herrian euskara biziarazteaz gain, Bixikenean kultura, elkarte eta familientzako hirugarren espazio bat ere egiteko asmo du Elgarrekin Urruña herri dinamikak.
Mattin Rafu Ruiz de Alda egungo hautetsi eta zerrendakideak gogoratu duenez, «kultura gerorako inbertsio bat da, eta elkarteak eta familiak laguntzea gizarte kohesioa sustatzea da». Hartara, agintaldi honetan gaztetxea sorraraziz, Emeki, Mugagabe, Zirko edo Argazki festibala bezalakoak sortu dituzten bezala, kirola eta kulturaren aldeko apustua berretsi nahi dute, eta Bixikenean hirugarren espazio bat zabaltzearekin batera, Itsas Mendi indartu.
Zerbitzu gehiago, inbertsio gehiago
Zerbitzuak eta inbestizamendua emendatu beharra zegoela azpimarratu du Txomin Elizondo zerrendakideak ere bere aurkezpenean, eta Urruñak oraindik ere, Hendaia edo Donibane Lohizunek duten zorpetzearen erdia duela oroitarazi du. «Finantzak zenbakiak dira, baina zenbaki horien gibelean urruñarrentzat proiektu bat bada», aldarrikatu du, martxan jarritako zerbitzu berriak zerrendatuz (nortasun agiria eta pasaporte zerbitzuaren sorrera, gizarte laguntzaile batekin GEUZa indartzea, Familia Lehiatila, Goxoleku Poloan adinekoen agentea, etabar...). Baina inbestizamendu oro ondo planifikatzen dutela defendatu du Elizondok: «batzuk zorpetzeaz hitz egiten dute, gu etorkizuneko inbertsioez ari gara, badakigu nora goazen, zergatik goazen harat, Urruñako etorkizuna prestatu dugu eta orain urrunago joan nahi dugu», esan du Posta gelan eginiko agerraldian.
Baina Urruña ez da uharte bat, eta 10.000 biztanle izanik ezin du zerbitzu oro bere kabuz eskaini. Filipe Aramendik argitu duenez, «inguruko herriekin harreman onak ditu Urruñak», eta hori probestu nahi du bere taldeak ahal den neurrian zerbitzuak mutualizatzeko. Iragarri dutenez, Hendaia eta Donibane Lohizunerekin igerilekua bezalako zerbitzuak partekatzea proposatzen dute. Eta Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoan integratzeko eskaera luzatzeko asmoa du Filipe Aramendik.
Hain justu, hauteskunde kanpainan antolatu duten auzoz auzoko lehen bilkura idekia Bidasoaldean izanen da. Ostirala honetan (otsailak 20) Pausuko Intzuralde gelan 19:00etan. Ondokoak Berrueta (otsailak 27), Kamieta oporretako zentroan (martxoak 4), Zokoa aisialdi zentroan (martxoak 6), Oleta eskolan (martxoak 12) eta Hirigunean martxoaren 13an Jeanne Semper gelan. Denak 19:00etan izanen dira. Xehetasun gehiago hemen.