Urruñarrei bigarren itzulian zer bozkatzen duten hausnartzeko eskatu die Filipe Aramendik

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 16a

Orotara 1.935 bozkarekin, orain dela sei urte baino 300 gehiago eskuratu arren, Elgarrekin Urruña taldea bigarren iristen da martxoaren 22ko bozketara. Sebastien Etxebarne enpresariaren Ongi Bizi Urruñan taldeak %36,86 egin du, 2.030 bozka eskuratuta. Filipe Aramendi auzapezak urruñarrei kasu egiteko eskatu die, bere lantaldea balioan jarri du, eta agintaldi honetan abian jarritako proiektuak ezeztatuak izateko arriskuaz ohartarazi du.

 

Urruñako egungo auzapez abertzalea, Filipe Aramendik, bozken %35,13rekin bigarren izan zen atzoko udal hauteskundeen lehen itzulian. Orotara 1.935 bozkarekin, orain dela sei urte baino 300 gehiago eskuratu arren, Elgarrekin Urruña taldeak puntu bat eta erdi aurretik du Sebastien Etxebarne enpresaria. Ongi Bizi Urruñan taldeak %36,86 egin du, 2.030 bozka eskuratuta. «Biziki kontent nago,  ez genuen espero, baina urruñarrek ulertu dutela pentsatzen du, eta indarrak ditugu bigarren itzulirako», adierazi du Etxebarnek Antxeta Irratian. 

Aste honetan lanean segituko dutela adierazi digute biek bigarren itzulirako prest. Hala ere, Aramendi egungo auzapezak, taldearengan konfiantza ukan dutenak eskertzearekin batera, urruñarrei kasu egiteko eskatu die, Elgarrekin Urruña talde bat dela azpimarratuz, eta Etxebarnerena aldiz ez. «Oposizioan ez du sei urtetan proiektuarik aurkeztu, beti ados egon da denarekin, forman izan ezik», adierazi du Aramendik, «urruñarrek ongi pentsatu beharko dute bigarren igandean zer bozkatu, gu lantalde bat gara eta esperientziaduna orain, eta martxan ditugun proiektu anitz bertan behera gera daitezke». 

Hirugarren hautagai bat ere badagoela ez da ahantzi behar, Martine Mignoten Du Couer et des Actes (Urruña Bihotzez eta Ekintzez) %28,01 eskuratu dute, eta ikustekoa da heldu den igandera begirako joerak zein izanen diren.