Ezkerrekoa eta abertzale izatetik, eskuin zentrora jo du Urruñak berriz

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 23a

Sebastien Etxebarneren Ongi Bizi Urruñan bozen %48,44 eskuratu du bigarren itzulian, eta horrenbestez, Filipe Aramendi oposiziora pasatzen da. Elgarrekin Urruña taldearekin konfiantza egin duten 2.210 herritarrak eskertzearekin batera, «mandatu honetan sortutako talde dinamikarekin jarraitzeko konpromisoa» adierazi duen bitartean, auzapez berriak «herritarrak entzun eta proiektuak elkarrekin egitea» lehentasunetan emanen duela aditzera eman du. 

Urruñan gobernu talde aldaketa ekarri du udal hauteskundeen bigarren itzuliak. Filipe Aramendiren Elgarrekin Urruña taldea oposiziora pasa baita. Martxoaren 15ean 95 bozkaren aldearekin, lehia estu joan zen bitartean, igande honetan Sebastien Etxebarne nagusitu da berriz, baina 634ko abantailarekin, orotara 2.844 bozka eta %48,44a eginez. Eskuin zentroan kokatzen den Etxebarneren Ongi Bizi Urruñan bozen %37,44 eskuratu zuen lehen itzulian, baina igande honetan, lehian zen hirugarren hautagaiaren bozkak jaso ditu berdinketa apurtzeko. Hein handi batean hirugarren hautagaiak, Martine Mignotek galdu dituenak bere alde joan baitira, %28tik %13ra apaldu baitu Du Couer et des Actes (Urruña Bihotzez eta Ekintzez) zerrendak bere emaitza.

Sebastien Etxebarne auzapez berria Antxeta Irratiko mikrofonoan garaipenaren erreakzioa aipatzen.

Etxebarnek «herritarren halako erantzuna» ez zuela espero aitortu du, baina «biziki kontent» agertu da garaipena lortu izanarekin. Euskararen aldeko jardunean segituko duela berretsi du Antxeta Irratiaren mikrofonoetan, eta horrez gainera, bere lehentasuna «herritarrak entzun eta proiektuak elkarrekin egitea, eta merkatariak entzutea» izanen dela aditzera eman du. Nolanahi ere, «lan handia bada herrian egiteko» bere ustez.

Filipe Aramendik, aldiz, balorazioa Berttoli elkartean egin zuen, eta Elgarrekin Urruña taldearekin konfiantza egin duten 2.210 (%37,44) herritarrak eskertzearekin batera, «mandatu honetan sortutako talderen herritar dinamikarekin segitzeko konpromisoa» adierazi du. «Ez da geldituko, eta gure baloretan sustraitutako oposizioa eginen dugu» argitu du. Alde horretatik, sei urteko agintaldia amaitutzat eman behar du Aramendik, eta mandatu berrian urruñarrek eskuinaren kudeantza bat berriz hautatu dutela, eta «bozkatutakoa asumitu beharko dutela» iragarri du. Bere ustez hauteskunde kanpainan «entzun eta erran diren hainbat gezur heldu diren asteetan argitaratuko dira, eta urruñarrek gauza batzuk ulertuko dituzte».