Ereinez sortu da musika eskubideen kudeaketa astintzeko eta Euskal Herriko sorkuntza balioan jartzeko

Aitor Errazkin 2026ko apirilaren 1a

EREINez kolektiboa atzo aurkeztu zuten Xaia ostatuan, euskal musikagintzan ari diren sortzaile eta eragileen ekimenez. Helburua da egile eskubideen inguruko kontzientzia piztea eta burujabetza handiagoa lortzea. Orain arte, eskubideen kudeaketa Sacem eta SGAE egituren esku egon da nagusiki. Kolektiboak musikaren inguruko eragile guztiak saretu nahi ditu ikuspegi berri batetik. Pantxis Bidart, EREINez elkarteko kidearekin hitzegin dugu

Atzo, Xaia ostatuan, EREINez kolektibo berria aurkeztu zuten euskal musikagintzan diharduten hainbat sortzaile eta eragilek. Ekimen honen helburu nagusia da musikarien egile eskubideen inguruko hausnarketa sustatzea eta, aldi berean, burujabetza handiagoa lortzeko bidean urratsak ematea. Izan ere, gaur egun, Frantziar estatuan Sacemek eta Espainiar estatuan SGAEk kudeatzen dituzte eskubide horiek, baina sustatzaileen ustez, historikoki Euskal Herrian egitura horiekiko lotura ez da sendoa izan.

Azken urteotan, musika industriaren profesionalizazioarekin batera, egile eskubideen kontzientzia ahuldu egin dela uste dute kolektiboko kideek. Horregatik, musikariak ez ezik, musikaren ekosistemako beste eragile batzuk ere bildu nahi ditu EREINezek: ostalariak, merkatariak, programatzaileak eta hedabideak, hain zuzen ere. Hauek dira, azken finean, Sacem eta SGAEri ordainketak egiten dizkietenak.

Kolektiboaren sorrera ulertzeko, garrantzitsua izan da Xaia ostatuaren eta Sacemen artean izandako gatazka. Pantxix Bidartek azaldu duenez, Pausuko ostatuak urtebete darama Sacemi fakturak ordaindu gabe, bertan euskal musika soilik jartzen dela aldarrikatuz. Testuinguru horretan sortu da EREINez, euskal musikaren defentsa eta kudeaketa eredu berri baten aldeko apustu gisa.