Apirilaren 29tik maiatzaren 3ra bitartean, Pausuk Bidasoan Euskaraz bestaren 20. edizioa hartuko du. Xaia ostatuak sustatutako ekimen hau Antxeta Irratiarekin elkarlanean sortu zen, Bidasoaren bi aldeetako herritarrak eta elkarteak harremanetan jartzeko asmoz. Urteotan, besteak beste, Hendaiako Gure Ikastola eta hainbat kirol elkarte ere antolakuntzan aritu dira.
Benat Elizondo, Xaia ostatuko jabe eta festaren sortzaileak nabarmendu duenez, “euskara, kirola, kultura eta gastronomia uztartzen dituen besta” da. Egitaraua anitza izango da: apirilaren 30ean Bidasoa Oinez egingo dute Pausu eta Santiago zubien arteko ibilbidearekin, eta arratsaldean Talo Festa izango da, Irun-Hondarribiko Tukutun txalaparta taldearekin.
Maiatzaren 1ean Kuxkuxtu Txarangarekin kantuz lagundutako bazkaria egingo dute, eta maiatzaren 2an Andoni Ollokiegiren emanaldia eta garagardo dastaketa izango dira. Bestari amaiera emateko, maiatzaren 3an Bidasoan Euskaraz Pala Txapelketaren finalak jokatuko dira, eta bazkari herrikoiarekin borobilduko dute egitaraua. Lekuak erreserbatzeko, interesdunek 05 47 75 07 02 telefonora deitu edo Xaia ostatura jo behar dute.