Polemika piztu da Urruñan auzapez berriaren lehen erabakiekin

Esteban Bastié 2026ko apirilaren 20a

Sebastien Etxebarne auzapezak «herritarren diruaren kudeaketa arduratsua» egin nahi duela argudiatuta, oposizioko hautetsiek jasotzen duten 90 euroko zerbitzu-saria apaltzea deliberatu du. Martine Mignot oposizioko hautetsiak «oposizioaren lana gutxietsia dela» leporatu dio, helegitea pausatu du administrazioan, eta auzia prefetaren esku dago orain. Elgarrekin Urruñak aurreko agintaldian erabaki zuen delegaziorik gabeko hautetsi guziek diru kopuru berbera jasotzea, izan gobernuan, izan oposizioan.

Martxoaren 22an udal hauteskundeak irabazi ondoren, apirilaren 9ko herriko kontseiluan, Sébastien Etxebarne auzapez berriak oposizioko hautetsiei indemnitate apalagoak ematea erabaki du. Haren arabera, «oposizioko kide batzuk ez dira nahiko inplikatzen herriko lanetan», eta horrek justifikatzen du bere ustez dirulaguntzen beherakada. Baina erabakiak erreakzio azkarra sortu du.

Martine Mignot oposizioko hautetsiak helegitea pausatu du administrazioan. Haren ustez, neurri hori ez da bidezkoa ezta legala ere. «Oposizioko hautetsiek jasotzen dituzten zerbitzu-sariak ezin dira baloratu jarrera politikoaren arabera, baizik eta karguari loturiko eginkizunen arabera» azaldu du. Gainera, Mignotek salatzen du oposizioaren lana gutxietsia dela, nahiz eta kontrol eta proposamen funtzio garrantzitsua betetzen duen herriko gobernantzaren baitan.

Filipe Aramendik, Elgarrekin Urruñan taldeko bozeramaile eta auzapeza aurreko agintaldian ere erabakia kritikatu du. Bere mandatuari konparatua, hautetsi guztiei indemnizazio berbera ematea erabaki zuten 2020an. «Aitzineko egoeran bakarrik delegazio bat zuten hautetsiek jasotzen zuten kalte-ordaina, izan gehiengoan, izan oposizioan, eta guk erabaki genuen hautetsi guztiek indemnizazio berbera ukaitea, 90 eurokoa», gogoratu du auzapez ohiak. Baina Sebastien Etxebarne auzapezak bere hautua defendatu du, azpimarratuz herritarren diruaren kudeaketa arduratsua egin nahi duela, eta hautetsi bakoitzak bere ekarpenaren arabera jaso beharko lukeela ordainsaria. Orain, auzia prefetaren esku dago.