Kontuak «kosta ahala kosta orekatzeko» xedez, elkarteei zuzendutako dirulaguntzak murriztea erabaki du Urruñako udal gobernu berriak. Eta apaltzea nabarmena izanagatik, polemika sortu du deliberoak. Sebastien Etxebarne auzapezak aditzera eman duenez, elkarteek ere «sakrifizioa partekatu» behar dute, eta horren arabera, udalak elkarteei emandako diru-ekarpena 26.000 eurora murriztu dute 2026 urteko udal aurrekontuen behin-behineko onarpenean. Adibiderik argiena Seaska da, eta harekin batera Urruñako Ikastola. Izan ere, haien dirulaguntza %89 apaldu da, 22.500 eurotik 2.500 eurora.
Urruñako Ikastolak prentsa-ohar batean salatu du erabakia, ulergaitza dela azpimarratuz: «Nola zilegitu diskurtso arduratsua, agintariek beraiek ez badute austeritatea beren gain hartzen?», galdetu dute, eta gaineratu du hautetsien indemnitateak handitu egin direla. Bereziki, egiteko modua kritikatu du Mikael Altzibar Urruñako Ikastolako lehendakariak. Eta Urruñako Ikastolak «motozerraren politikaren kaltetu nagusia» bilakatu dela salatu du.
Auzapezak, bere aldetik, neurriak negoziagarriak direla azpimarratu du, beharren arabera moldatzeko prest dela erranez. Bestalde, ukatu egin du bere soldata igo duenik, eta azaldu du kostaldeko turismoari lotutako dirulaguntza bat baizik ez dutela desblokeatu, «aitzineko agintaldian bezala».