Valentín Larrea pianojolearen ondarea Urruñan hedatuko dute ostiralean, haren jaiotzaren 150. urteurrenean

Aimar Lopez 2026ko maiatzaren 20a

Puntako ikasketak egin zituen Larreak XIX. Mende amaieran Madrilen, eta Iruñeko kasino bateko pianojole izan zen bere ibilbidean zehar. Sari andana jaso zituen iragan mendean, eta haren 43 konposaketa iritsi dira egun arte.

Maiatzaren 22an, ostiralez eta 19:00tan, Valentín Larrea Iturbe piano jole eta konpositorearen obra ezagutzeko parada izanen da Urruñako elizan eginen den emanaldi berezian. 150 urte dira aurten musikaria Gabirian sortu zela, eta azken mende erdian haren lana itzalean izan bada, badira zazpi urte argitara emateko lanean ari dela familia.

Valentín Larrearen ondarea berreskuratzeko ekimenez luze-zabal mintzatu dira Antxeta Irratian haren biloba Elena eta Maite Berazadi. Aitona 1970ean zendu zenerako hamarkada pare batez ezagutu bazuten ere, ez zuten haren musikarik entzuteko paradarik izan bizi zen artean, ezta gerora ere ez; Larrearen kontzertu eta konposaketak ez ziren nehoiz grabatu. 1980. hamarkadan haren partiturak Eresbil musikaren euskal artxiboan gorde zituzten senideek, galdu ez zitezen, baina horrek are gehiago urrundu zituen familiaren egunerokotik. Harik eta 2019an Elena Berazadik amaren etxetik bildutako kaxa batean bertze partitura batzuk atzeman zituen arte. Orduan, Itxaso Aristizabal piano jole irundarrari eraman zizkioten, eta hark lehen entsegu batzuk egin bezain laster jakinarazi zien senideei nolako balioko konposaketak zituzten esku artean.

Kontzertu guti batzuk egin zituzten 2019 eta 2020 artean, baina kuriositatearen makina martxan jartzeko aski izan ziren. Azken zazpi urteetan, eskuratu zitzaketen partitura, argazki, dokumentu eta lekukotza guztiak bildu dituzte Berazadi-Larrea sendikoek, eta aurten, Valentín Larrea sortu zenetik mende eta erdi den honetan, merezi zuen omenaldia egiteko prest dira.

Partituretatik zuzenekora

Maiatzaren 22an hasiko dute kontzertuen zikloa Urruñan, Ignacio Arakistain organista, Aitor Garitano tenor, eta Eragiyok Abesbatzarekin, Jon Larrauri zuzendari. Ondotik, uztailaren 12an Deban izanen da kontzertua, Flyscharen Nazioarteko Organo jaialdian. Uztailaren 23an Azpeitian, abuztuaren 10ean Tolosan, irailaren 3an Iruñean eta irailaren 20an Gabirian ere izanen dira.

Orkestrek ere haienganatu dute Valentín Larrearen lana, eta hala, azaroaren 13an Iruñeko Baluarten Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertu berezia eskainiko du. Iparraldeko Orkestrak ere zikloa antolatu du, azaroaren 13an Luhuson, 14an Donibane Lohizunen eta 15ean Donapaleun izanen dira kontzertuak.

Zuzeneko emanaldien zikloa ez ezik, liburu eta dokumental bana ere badituzte esku artean senideek. Lehenak Larrearen bizitza landuko du, bigarrenak berriz, familiak azken urteetan haren musika berreskuratzeko egindako prozesua. Valentín Larrearen obra guztia biltzeko eta publikoki eskuragarri egiteko webgune bat ere sortu dute.