Sud-Ouest egunkariak atzo arratsean iragarri zuenez, asteburu honetako bi mezen bukaeran, Marc Aillet Baionako apezpikuaren gutun bat irakurri zuen meza eman zuen apaizak; bertan, 2022tik aldarean aritu den Xabier Zabaletaren aurkako akusazioen berri jaso zuten sinestun urruñarrek. "Adin txikiko batekin seigarren aginduaren aurkako ekintzak" leporatzen zaizkio elizaren barruan, hots, adin txikiko bakar baten aurka sexu erasoak egitea. 2022 baino lehen izan zen leporatzen zaion erasoa, Béziers hirian edo inguruan. 2024an egin zion hango apezpikuak lehen salaketa justiziari, baina Baionako apezpikuak Sud Ouest eta Ici Euskal Herri hedabideei azaldu dienez, martxoan bertzerik ez zuen gertaeren berri izan. Geroztik, eta "diskrezioz", barne ikerketak egin ditu.
Ekainaren hiruan Urruñan berean galdekatua izan zen Zabaleta apeza, Bézierseko prokuradorearen aginduz, eta horren ondotik lekutu du kargu orotik Baionako apezpikuak. Are, Baionako elizbarrutitik kanporatzea ere erabaki du, haren jatorrizko barrutia den Béziersera bidaliz, eta aferaren kudeaketa haien esku utziz. Ez baina aitzitik Vatikanoan egoitza duen Fedearen Doktrinarako Dikasterioari barne salaketa egin gabe.
Aipaturiko irratiak Bézierseko prokuradorearengandik jasotako informazioen arabera, akusazioak ukatzen ditu Xabier Zabaletak. Ikerketa judiziala eta eklesiastikoa irekiak dira.