INPAKT erakusketa antolatu dute Urruñan klima aldaketaz hausnartzeko

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 22a

Argazkilarien topaketa honen hirugarren edizioa antolatu du Urruñako herriko etxeak Posta gelan eta herriko karriketan. Axelle de Russé argazkilariak 2016 urtetik egindako klima aldaketaren ondorioei buruz hausnartzeko irudi ikusgarriekin batera, National Geographic aldizkarirako lan egiten duen William Daniels argazki-kazetari frantsesaren gai sozial eta humanitarioak ere topa daitezke agorrilaren 28ra arte.

Nazioarte mailan ari diren argazkilarien topaketa antolatu Urruñako herriko etxeak hirugarren aldiz. INPAKT izeneko erakusketaren baitan, klima aldaketari buruz hausnartzeko irudi ikusgarriak biltzen dituzten bi bilduma jasotzen ditu aurtengo edizioak, Posta gelan bata, eta Urruñako kaleetan topatuko duzue bestea.

Izan ere, aurreko edizioetan argazkilarien lanak eremu publikoan ikusgai jartzeak arrakasta izan zuela ikusita errepikatzea erabaki dute. Ione Iosie herriko etxeko teknikariak azaldu digunez, estreinaldi ofiziala uztailaren 17an egin zuten Posta gelan argazkilariekin batera, baina Urruñako kaleetan ere topatuko dituzue hainbat irudi uda osoan zehar, agorrilaren 28 arte.

Batetik, William Daniels argazkilariaren lanak jasotzen ditu aurtengo edizioak, Frantzia mailan klima aldaketari buruzko irudiengatik ezaguna da, baina oraingo honetan naziotasunik gabe edo apatridak diren herrialdeetako errealitate ikusezinak azalarazten dituzten irudien bilduma dakar Urruñara, izan klima aldaketaren ondorioak pairatzen dituzten herrialdeenak, izan gerra edota beste hainbat injustiziaren biktima diren herrialdeenak. Hala nola, Afrika Erdiko Errepublikan, Kirgizistanen edo Bangladesh eta Myanmar arteko mugakoak. William Daniels National Geographic aldizkarirako argazki-kazetari gisa ere jarduten du, National Geographic Society erakunderako eta nazioarteko hainbat hedabiderentzat, tartean Le Monde egunkariarentzat. Bere lana gai sozial eta humanitarioetan oinarritzen da batez ere.

Bestalde, 2016az geroztik planetako ipar eta hego muturretako hirietan klima-aldaketak dituen ondorioak ikertzen aritu den Axelle de Russé argazkilari frantsesaren irudiak ere ikus daitezke Posta gelan. Norvegiako Artikoan dagoen Longyearbyen eta Txileko Patagoniako Puerto Williamsen egindakoak espresuki. Epe luzeko argazki-entsegu honetan, poloen irudi zuri eta garbien irudikapen klasikoetatik urrundu da, eta bi lurralde kontrajarri horien arteko antzekotasun kromatikoa aztertu du, bereziki infragorriaren erabileraren bidez ipar poloan klima aldaketari buruz hausnartzeko.

Portadako irudia: ©Axelle de Russé/ Attractions polaires