Uholde, olatu eta euri 'Alerta Liranja' abisuekin Hendaia-Ziburu arteko D912 errepidean zirkulazioa debekatzea plantan eman nahi du departamenduak. Baina auzapezak hainbat sarbideri alternatibak eskatzen ditu.
2020ko urriaren 29an Hendaia eta Ziburu arteko Erlaitzako itsas bazterrean emandako lurjausiaren ondorioz, oinezko bidea itxi behar izan zuten segurtasun arrazoiak zirela eta. Prefetaren aginduz itxi egin zen. Baina horrek eztabaida piztu zuen ere, natur-eremu hura zeharkatzen duen D912 errepidearen gainean ere. Hau betirako itxi eta alternatibak bilatzeko proposamenak aztertu izan dira. Filipe Aramendi auzapezak ohartarazi duenez, bi gai edo eztabaida desberdin daude horri buruz. "Errepidearen heste definitiboari dagokion ikerketa teknikoak oraino egiten ari dira, eta aterabideak ez ditugu hautetsiok eztabaidatuak mementukotz, baina heste mugatuaren protokoloa ere moldatu behar da", dio Urruñako auzapezak.
Horren haritik, azken hilabeteotan, eurite eta olatu arriskuen 'Alerta Liranja' abisuetan, departamenduak proposatu duen errepidea probisionalki hesteko protokoloa da eztabaida piztu duena. Urruñako herriko etxeak ez du hau bozkatu nahi izan oraindik. Udal gobernuaren esanetan, protokolo hori Zokoako sarbidea moztu eta eremu horretan diren akanpaleku baten eta bi etxebizitzen sarbideak galerazten ditu. Baldintza horietan, protokoloa berrikusteko eta proposamen berri baten zain direla azaldu digu Filipe Aramendik, Urruñako auzapezak.
Urruñako herriko etxeak, urriaren 15ean gutun bidez departamenduari eta suprefetari egoera hori kontuan hartuko luken protokolo berri bat eskatu zuen, baina ez dute erantzunik jaso. Azken herriko kontseiluan, protokoloaren puntua gai zerrendatik kentzea erabaki zuten.
Proposamen berria hurrengo herriko kontseiluan bozkatua izanen dela uste du.