Irunen orohar, eta Euskal Herri osoko euskalgintzan bazterrak nahasi ditu EAEko Auzitegi Nagusiak Irungo udaltzain izateko oposaketetan hartutako erabakiak. Irungo udaltzain izateko euskara eskatzea diskriminatzailea dela dio epaileak. Horrenbestez, oposaketetan euskara ez da kontuan hartuko, eta indarrean zen deialdia baliogabetu egin dute.
Miren Etxebestek, Euskara zinegotziak irmoki gaiteztsi du erabakia. Eta auzitegietatik datorren epaiari aterabide bat bilatzeko Udal Zerbitzu Juridikoak lanean burubelarri ari direla jakinarazi du Antxeta Irratian. Izan ere, erabakia onartezina da bere ustetan.
Izan ere, epailearen ebazpenak dio herritarrok badugula administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea, baina horretarako ez dutela udaltzain guztiek euskaraz zertan jakin, nahikoa dela “jendeari arreta egiten dion udaltzainetakoren batek” eta “bikotean doazen udaltzainetako batek” euskaraz jakitea.
Irungo Aitzondo euskara taldeko Beñat Muguruzak aitortu du beldur dela, epaia baieztatzen baldin bada "aurrekari arriskutsua" markatu dezakeelako, Euskal Herriko beste udalerrietan ez ezik, administrazio publikoan lan egiteko gainerateko oposaketetan ere. Euskara taldeak pozik hartu du Etxebeste andereak lehen momentutik agertu duen jarrera publiko irmoa. Baina Irungo Udalak ez ezik, EUDEL edo goragoko beste erakunde batek esku hartu beharko lukeela uste du.