Hondarribiarrak emigratzera behartuak izan ez daitezen, etxebizitza politika iraultzea eskatu du Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2021ko mai. 5a, 00:00

Etxebizitza bat erostea amets bilakatua zaie hondarribitar askori. Baina alokairu kontratua bukatu, eta berri bat atzemateak hamaika abentura eta beste hainbeste desbentura eragiten ditu gazte zein familia askorengan. Etxebizitzaren garestitze etenegabearen aurrean, azken hamarkadotan markatutako Presa-Damarrin 176 etxebizitza publikoen promozioak ez dira gauzatu. Eta beraz, Udalak dagoeneko hartuak dituen konpromisoak betetzeaz gain, etxebizitza politika iraultzea eskatuko du Abotsanitzek mozio bidez, maiatzaren 6ko udal osoko bilkuran.

Igor Enparanen, Abotsanitzeko bozeramailearen arabera, "etxebizitza da herritarren arazoen ardatz nagusietako bat, eta herrian bizi nahi duen hondarribitar orori, aukera izango duela segurtatu behar zaio".

Horretarako, Abotsanitzek abiatu duen "Mugi Dezagun Elefantea" kanpainaren baitan, honako alternatibak aztertu dituzte: etxebizitza publikoak lehentasun izatea, etxebizitza pribatuek ordaintzen duten VPO kanona etxebitza publikoa egiteko edota lurzorua erosteko erabiltzea, alokairuaren prezioak merketzeko diru-laguntza lerro propio eta eraginkorrak sortzea, gazteei zein adineko pertsonei zuzendutako alternatibak sortzea, edota etxebizitza turistikoak (VT) arautzeko ordenantza lantzen hastea (herriko etxebizitza guztien %2,4 apartamentu turistikoa baita gaur egun).

Proposatzen dituzten alternatibak modu argian esplikatu dute sare sozialetan plazaratu duten bideo labur honetan: https://youtu.be/hizHmxYVqoo