Korrokoitzeko aferaren ikerketa batzordearen eraketa bozkatuko du udalbatzak

Antxeta Irratia 2018ko api. 25a, 00:00

Arratsaldeko 19:30etan apirileko udal osoko bilkura ospatuko da. Bertan besteak beste, Gipuzkoako kargu publikoei ustelkeria leporatzen dieten kartelen aurkako mozioa aurkeztuko du gobernuko talde sozialistak, baita bihar Ikusgaitasun Lesbikoaren Eguna dela eta, honi buruzko adierazpena ere.

Baina denen artean, izarra, SPI eta EH Bildu udal taldeek Korrokoitz afera argitzeko eskatutako Ikerketa Batzordea sortzeko proposamena izango da. Diktamenarekin, martxan jarri beharko baita. Joan den astean zehaztu zituzten lerro nagusiak Ogasun Batzordean. Jeltzaleak izan dira bereziki, aldaketak galdegin dituztenak, espreski, Santanok Xabier Iridoyri buruz esandakoak argitzeko helburua ongi markatu nahi dutelako.

Ez da erosoa izango Ikerketa Batzordea inplikatuentzat. Baina SPI eta EH Bilduk argi dute zein den helburua, Udal Gobernuaren haustura eta ondoko hika-miken joan-etorria ekarri duen Korrokoitz aferarekin bukatu, eta ardurak zuritzea.