Liburuaren Nazioarteko Egunaren baitan, Irun eta Hondarribiko Udal Liburutegietan hainbat jarduera antolatu dituzte. Hondarribiko Zuloaga Etxean gaur hasi eta apirilaren 28a bitartean, Twitter bidez sustatutako BookCrossing ekimena burutuko dute.
Orotara, 50 ale ezberdin herriko kaleetan utziko dituzte, liburuak, komikiak, haurrentzako ipuinak eta DVDak. Eta sare sozialen bidez jakinaraziko dute non utzi duten ale bakoitza, jendeak bila ditzan. Liburua topatzen duenak, www.bookcrossing-spain.com webgunean sartu eta non aurkitu uden adieraztea baino ez du egin behar. Eta behin irakurrita, berriz ere utzi eta lekua plataforma horren bitartez jakinarazi.
Hortaz gain, bihar, 18:00etan, Lupe Lekuonarekin ipuin kontalari saioa izango da 4-7 urte bitartekoei zuzenduta. Eta aste osoan zehar 8 bisita jasoko dituzte liburutegian, herriko hezkuntza zentroetako ikasleentzat.
Irakurzaletasuna adin guzien artean sustatu nahi dutenez, Nagusilan eta Kasino Zaharra elkartekoak ere bisita joango dira, bihar goizeko 11:30etan.
Irunen, aldiz, goiz hontan 10:00etatik ari dira CBA Kulturgunean urtero antolatzen duten irakurketa publikoarekin. Gazteleraz, El Quijoote, eta euskaraz, aurten Uxue Alberdiren “Janisjoplin” hautatu dute. Gure partetik, kalera jo dugu. Zabaltza plazan atzo eta gaur antolatu duten Liburu Azokan izan gara.