«Herritarrekin partekatuta eta, estetikari baino, edukiari garrantzia emanez egingo ditugu sakoneko aldaketak»

Antxeta Irratia 2023ko ira. 21a, 00:00

28 urtez EAJk zuzendutako Hondarribiko Udala Abotsanitzek kudeatzen du orain hiru hilabete. Igor Enparan Aranetak ekainaren 17an aginte makila hartu zuenean esandakoekin “koherentea” izan direla uste du gobernatzeko eran. Eta behin sartzea eginda dutela, orain “gardentasuna” eta “partaidetza” giltzarri duen Gobernu Plana lantzen ari dira.

 

Herritarren partaidetza sustatzeko lehen keinuak bultzatu ditu HAPOaren saio irekiekin, baita jaietako Hiriko Urrezko Intsignia hautatzeko prozesuarekin ere. Baina gauzak modu “desberdin eta efektibo” batean egin daitezkeela erakutsi duelakoan dago, era berean, eguneroko kudeaketan. 115 greba egun ondotik lorezainen lan gatazka bideratuz, Sabin Arana kaleko obretan herritarren interesa udatiarren aurretik ezarriz, edota Zumardiko ahaten parkearen putzuaren kasuan egindako kudeaketa jartzen ditu horren adibide.

 

Enparanek argi du “estetikoari baino, edukiari garrantzia emanez” egin ahalko dituztela sakoneko aldaketak. Betiere, herritarrekin partekatuta. Izan ere, alkatetzara iritsi zenean “ez gaitzazue jauregi honetan bakarrik utzi” eskatu zien herritarrei. Eta herritar ororena den “jauregi” horretan zer aurkitu, egokitu eta lanean hasi orduko, Kudeaketa edo Gobernu Plana lantzen ari da orain Abotsanitz udal taldea. “Esan dezaket gauzarik garrantzitsuena dela orain bertan, lau urtetan zer egingo dugun gardentasunez azaltzea, eta egingo denaren arabera, herritarrek baloratu ahal izango duten tresna batean lanean ari gara”, argitu du alkateak.

 

Partaidetzari leku eman nahi dio udal gobernuak, herritar oro inplikatuz. “Horretarako tresnak egituratu behar ditugu lehenik, eta herritarrek ohitura har dezaten gero”, nabarmendu du. Bere ustez, hondarribitarrek “udaletxea oso urrun” sentitzen baitute gaur egun, eta hori aldatu beharra dagoela pentsatzen du. Horretarako lehen urrats BAZ zerbitzua egokitzea izango dute, administrazioarekin harremanetarako eta informazio gune ez ezik, parte-hartzea sustatzeko tresna bilakatuz. Bestalde, Hondarribian aspaldiko gabezi bat lehenbailehen estaltzeko beharra iragarri du. Berdintasun teknikari baten figura ezinbestekoa denez, hori urgentziaz landuko du udalak.

 

Alardean konponbiderako determinazioa

 

Alardean bultzatutako “keinuen urtea” izan da honakoa ere. Udan eragile guztiekin bildu dela dio, eta ekin dion elkarrizketaren bidean sakontzeko adorea agertu du. “Gatazka bizi dugunaren errekonozimendu instituzionala egin dugu aurten, eta elkarrizketa dela bidea aitortu”; dio Enparanek. Baina aurten bizi izan diren tentsio uneak ikusita desberdinen arteko elkarrizketa mahai bat eratzeko baldintzak ez direla ematen uste du, ez delako aldaketa sakoneko aurrerapausorik eman oraindik. "Alardearen auzian, desberdinen arteko mahaia eratzeko baldintzak ez dira gaur ematen, herria adixkidetzeko lan egin behar dugu oraindik eragile eta herritarrekin", esan du.

 

Halere, Igor Enparan determinatua dago alardearen auzian konponbide bat bilatzeko. Hondarribiko alkateak iragarri du ez dituela 9 hilabete itxarongo elkarrizketa bidean sakontzeko. Baina eragileekin ez ezik, herritarrek hitz egin dezaten “eremu seguruak” sortzeko lan egin beharra dagoela defendatzen du. “Bi ibilbideetakoa behar du izan, eragileekin batetik, baina herritarrekin ere. Parean dagoenaren zauriak edo minak ere badaudela aitortu, eta atzerabueltarik ez daukan prozesu batean gaudenez, adixkidetzea ezinbestekoa izango da, elkar ulertzeko gai den herri bat garelako”.