Bidasoaldeko hiru herritarrek orain lau urte Recicla Birziklatu elkartea sortu zuten, ingurumenaren babesean kontzientzia sortzeko helburuarekin. Haien lehen jarduera ere 2019an burutu zuten: Irun eta Hendaia artean, Bidasoa ibaiaren zati ttiki bat garbitu zuten, goiz bakarrean 900 kilo zikinkeria bilduz.
Lau urte geroago, anbizio eta prestakuntza handiko eguna antolatu zuten joan den larunbatean: Lesakatik Hondarribirarte luzatu zuten Bidasoaren garbiketa, 20 kilometro baina gehiagoko luzeeran. Hamarka herritar erreka bazterrean oinez, edo kayaketan ibili ziren, uretan edo ur inguruan behar ez luketen zikinkeriak biltzen.
Bidasoa Ibaia Garbi izendaturiko ekimenak instituzioen babes zabala izan zuen, baita eskualdeko enpresena ere. Izan ere, garbiketarako tresnak eta kayakak enpresek utzi zizkieten, eta herrietako garbiketa zerbitzuek edo zerbitzu teknikoek segurtatu zuten bildutako zikinen garraio eta sailkapena.Eguerditan, bilketa eginik, Hendaia eta Irun arteko Avenida zubian elkartu ziren, bazkaria partekatzeko.
Haurrak, gazteak, eta familia osoak bildu ziren Bidasoa garbitzeko. Antolatzaileek errepikatu izan dutenez, "eskualdearen bizkarrezurra da Bidasoa", eta ezin dute onartu zikinkeriaz betea izatea. Hain zuzen ere, Avenida zubian jendea bildu ahala atxeman zuten zaborra ere agertu zen. Metalezko egiturak, gurpilak, plastikozko kuboak, hodiak, lata edo kanetak, kristalezko botilak, oheak, denetarik bazen, kamioi ugari betetzeko kopuruetan.
Datozen egunetan, reciclabirziklatu.com helbidean emanen dute bilketaren kopuru eta emaitzen berri. Bitartean, entzun Aimar Lopezek larunbatean egindako erreportaia.