Recicla-Birziklatu elkarteak Bidasoa ibaiaren garbiketa integrala auzolanean egiteko deialdia luzatu du urriaren 14an. Lesakatik hasi eta Hondarribiko bokaleraino, udaletxe guztien zeina eskualdeko enpresa eta ur-kirol elkarteen sustengua jaso dute. Norbere herriko garbiketan izena emateko: www.reciclabirziklatu.com
Bidasoa ibaian inoiz egindako garbiketa handiena 2022ko ekainean antolatu zuen hiru urte lehenago sortutako Recicla-Birziklatu elkarteak. Lesaka, Bera, Biriatu, Irun, Urruña, Hendaia eta Hondarribiko herriko etxeak inplikatu zituzten, baita eskualdeko hainbat enpresa eta ur-kirol elkarte ere. Baina beroagatik alerta egoera iragarri zutenez, atzeratu egin behar izan zuten hitzordu hura. Haatik, urriaren 14 hontan iritsi da Bidasoa ibaiari esku-kolpe emateko eguna.
Tartean, Bidasoa ibaiaren garbiketa partzialak burutu dituzte halere. Laida Rodriguez Diaz, Recicla-Birziklatu elkarteko kidea izan dugu Goizeko Kafean gonbidatua. Eta aitortu digunez, “harrigarria da Bidasoa ibaian pilatzen diren bolumen handiko zein burdin eta plastiko hondakinak”. Garbiketa handi honen aurretik bestelako garbiketa deialdi partzialak ere egin izan dituzte. Azkenekoan 140 lagunek parte hartu zuten Pausu-Behobiako zubitik Santiago zubirako tartean. “Zati txiki bat bada ere, 900 kilo zabor jaso genituen, eta jendea harritua geratu zen, baita gu ere. Begibistan ez zirudien ezer zegoenik, baina gurpilak, burniak, plastiko ontzi asko eta bañera bat ere berreskuratu genuen Bidasoatik”. Dioenez, jendeak “apropos” ibaira botatzen dituen hondakin asko badira ere, maleruski, logistika eta industriguneetan gaizki kudeatutako hondakin asko dira ibaian amaitzen dutenak. “Uste baino egoera okerragoan aurkitzen da ibaia”, dio, “margo eta ur-zikinen isuriak ere hor dira, askok ikus ditzaketenak, baina gutxik salatzen dute gero”.
Zentzu honetan, Bidasoa ibaiari bizkarra emanez bizi ohi garela dio, baina bidasotar guztiok ibaiaren zaindari izan beharko genukeela aldarrikatzen du. Izan ere, “Lesakatik Hondarribira garbiketa egingo dugun bezala, Bidasoa ibaia da gure eskualdearen bizkarrezurra”.
Norbere herrian parte har dezake
Horiek hala, urriaren 14an biltoki desberdinak antolatu dituzte, Lesaka, Biriatu, Irun, Hendaia eta Hondarribian. Hitzorduen zerrenda euren webgunean topatuko duzute. Eta jasoko duten zabor guztia Avenida Zubian bilduko dute gero egun berean, hau guztia sailkatu, eta Txingudiko Zerbitzuak (Irun-Hondarribia) eta Bil Ta Garbik (Hego Lapurdi) berziklatu ditzaten. Piknik animatu bat egingo dute zubi gainean, Bidasoa ibaitik berreskuratutako hondakinen kopurua irudikatzeko.
Norbere herrian garbiketa honetan parte hartu nahi izanez gero, behar material guztia banatuko dute antolatzaileek, ibai ertzetik oinez egiteko, zein uretan kayak, surf-taula edo bestelakoetan egiteko ere. Baina aurreikuspenak egin behar dituztenez, ahal bezain garaiz izena eman beharra dago: www.reciclabirziklatu.com