OSASUNGINTZA PUBLIKOA

Mobilizatzera deitu du Osasun Bidasoak itxaron zerrenda luzeak, diagnostiko atzerapen larriak eta inbertsio falta salatzeko

Antxeta Irratia 2023ko urr. 27a, 13:34

Salatu dutenez, "justifikaezinak" dira itxaron-zerrenda luzeak. Ekografia bat egiteko 230 egun eta zenbait espezialista ikusteko 6 hilabete behar dira, 2022ko martxoaz geroztik okerrera egin duelarik. Azaroan ostegunero mobilizatuko dira eskualdeko osasun zentro baten aurrean, eta abenduaren 2an (12:00tan) Irungo Zabaltza plazan bidasotar orori luzatu diote deialdia.

Pandemiaren aitzakipean osasungintza publikoak jasandako gainbeherak ez du etenik haien esanetan. Eta eskualdeko osasun zentroetatik ihes egiten ari diren profesionalentzako lan baldintza duinak, giza-baliabide gehiago eta osasun azpiegituretan inbertsioekin batera, espezialistekin kontsultetako eta proba osagarrietarako itxaron zerrendak murriztea dute aldarrikapen nagusia. Izan ere, 2022ko martxoaz geroztik itxaron-zerrendak areagotu egin dira, 8 espzialitate eta 3 proba osagarrietan. Bereziki, otorrino, digestibo eta traumatologian. Eta ekografiak egiteko epeak 172 egun luzatu dira. Dagoeneko 230 itxaron egun behar dira anbulategian sartu, eta diagnostiko bat egin ahal izateko, ekografia bat egitea lortzeko.

Manel Ferran, mediku eta plataformakideak azaldu digunez, ondorio larriak suertatzen ditu honek. Aipatu duenez, "herritarrei nekedura eta antsietatea eragiten die, eta profesionalei frustrazioa". Hortaz gain, lehen arreta zerbitzuen lan-karga handitzen ari da, pazientea behin eta berriro itzultzen delako minez, "eta anbulatorioko atea da zabalik duen bakarra". Aldiz, atzerapen diagnostikoak dira ondorio larrienak. Minbizi bat diagnostikatzeko beharrezkoa den ekografia batentzako 230 egun itxaron beharra dagoelako gaur egun. Zentzu honetan, Maria Jesus Alfonso Bidasoa ospitaleko erizainak aitortu du ere, hainbat direla froga osagarrien eta diagnostikoen esperoan zendu diren bidasotarrak azken hilabeteotan. Egoera honek herritarrak osasun sistema pribatura bideratzen dituela salatu dute “osasun publikoaren defizitak arintzeko”, baina hori ahal ekonomikoak dituztenen esku dago soilik. Horiek hala, premiazkoak ez diren probak 60 eguneko epean, eta lehentasunezkoak 15 eguneko epea inolaz ere ez gainditzeko eskatzen dute. Hori delako Osakidetzaren praktika onen protokoloak markatzen duena.

Gaur egun, aldiz, espezialista batek ikusteko, traumatologian 186 eguneko itxaron-zerrenda dago Bidasoaldean. 152 egunekoa otorrinoan, eta anestesista zein fisioak eskax direnez, Unidad del Dolor delakoan edo rehabilitazioan ez dute hitzordurik ematen. Ezta urologian ere.