HARRERA HERRIA

«Agintariak ez badira gai migranteen segurtasuna bermatzeko, prefetak ematen ahal ditu hesiak eta poliziak, guk lanean segituko dugula»

Koldo Nausia 2023ko urr. 30a, 14:52

2021eko urtarrilaren 14tik itxita egon den Irungo Avenida Zubiaren hesia kendu izana "pozgarritzat" jotzen dute Irungo Harrera Sareak eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek. Baina argitu dute "sinbolikoa" besterik ez dela. "Funtsean zurientzat irekita dago, ez ditu politika migratorio arrazistak aldatzen". 

Aintzane Lasartek, Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak azaldu digunez, "zubiak ez du hesirik, baina poliziaren furgoneta hor dago, eta ez dira lekuz mugitu, paperak eskatzeko edo zure larru kolorea ikusteko, beraz sinboloak badira irekitzekoa, baita irekita ez dagoela ere esateko". 

Josune Mendigutxiak, Irungo Harrera Sareko kideak ere argi du "zubia ireki dutela zurientzat, gure transitorako, baina ez beltzak eta pertsona arrazializatuentzako". Baina muga marra bat baino gehiago dela ohartarazi dute. "Gurean Bidasoa ibaia da muga, baina Irundik Donibane Lohitzune edo Baioanraino muga jarraitzen du izatean, poliziak kontrolatzen baitu", oroitarazi du Lasartek. Eta poliziak ez ezik, garraio publikoan ere oztopoak topatzen dituzte.

Zentzu honetan, politika migratorio "arrazista" egiten dela salatu du Eñaut Aramendik ere, arazoa Europatik hartzen eta ahalbidetzen diren erabakietan dagoenez, tokian tokiko agintarietatik hasi eta maila guzietara neurriak har ditzaten aldarrikatuz. Izan ere, zubia ireki duten egun berean, argi foko erraldoia piztu egin du polizia frantsesak berriz ere, gauez honen kontrolatzeko. Eta azken asteetan kontrol polizialak mugan areagotu egin dituzte eskualdeko zubietan.

Urak bere bidea bezala, migranteak ere

Eta honek kezkatzen ditu. Milaka pertsona iristen ari baitira espainiar estatura asteotan, Kanariar Uharteetara. Eta horien parte handi bat Irungo mugara helduko dira berandu baino lehen. "Ez dakit nik agintariak hain konten izanik zubia ireki delako, ez ote dauden kezkatuak ere migratzaileen egoerarekin, negu gorrian gauez kalean edo mendian galdurik ikusiko ditugulako, arriskuak hartuz berriz ere". Mendigutxiak gogoratu du dagoeneko 9 pertsona hil direla Bidasoko muga trebeskatu nahian, eta kontrolak zorroztuz gero, "ondorioa badakigu zein izango den".

Eñaut Aramendik iragarri du "urak bere bidea egiten duen bezala, migratzaileak etortzen eta pasatzen segituko" dutela. Eta agintariek edo administrazioek modu seguruan egin dezaten neurriak hartuko ez dituzten bitartean, herritar militanteak antolatu eta lankidetzan hauek laguntzera joango direla. 

Era berean, azken hilabeteotan migratzaileen kopurua apaldu denik ukatu du Aramendik. Poliziaren kontrolak estutze eta arintze joko horren arabera, "gutxiago ikusi ditugu" dio  Eñaut Aramendik. Horiek hala, agintariei politika migratorio arrazistekin amaitzeko neurriak galdegin dizkie. Urak bere bidea egiten duen bezala, migranteak ez dutelako atzera egingo. Anartean, herri antolatuak bolondres lanetan jarraituko duela ohartarazi du.