Prefetak 10 egunetarako hetsi zuen Erlaitzako bidea tenpestaren ondorioz, eta Urruñako herriko etxearekin iaz adostutako protokoloaz haratago aplikatu ditu neurriak. Horrek bizpahiru egunez kostaldeko akanpaleku bat eta hainbat bizilagun blokatuak utzi ditu, eta herriko etxeak neurriak hartu behar izan ditu. Filipe Aramendi Urruñako auzapeza haserre agertu da, eta gastu gehigarriak suposatu dituenez departamenduarekin “kontu zenbaitzuk egin beharko” dituela iragarri du.
Bien bitartean, Erlaitzeko Biztanleen Defentsarako Elkartea bidea irekia mantentzeko borrokan ari da azken urte hauetan. 2021ean oinezkoen bidea hetsi zutenetik, hau berriz ere zabaldu dezaten 500 sinadura baino gehiago bildu dituzte change.org plataforman. Eta orain errepidearekin kezkatuak dira.
Jean-Philippe Michelena, laboraria da Erlaitzeko bidetik hurbil, eta aipatu digunez, hainbat egunez bizilagun ugari izan dira blokatuak egon direnak. Ez du normaltzat jotzen egoera hau, eta egunotan kostaldeko bidea hetsita dagoela, Urruñako bide nagusian auto-lerro etengabeak eman direlako kexu da. “Udan halako egoera bat jasangaitza izango zen”, ohartarazi du. Izan ere, kostaldeko bide hori 6.000 autok baliatzen dute egunero neguan, eta 13.000 udan.
5-10 urte arteko aterabidea, azkarrena
Elkarteak prefetari hitzordua galdegin dio. Berriki tenpestaren ondorioz plantan emana den protokoloa behin-betiko bidea hesteko aitzakia den beldur dira. Dena dela, bidea noiz ireki ahal izango den ere ez dago argi oraino. Geologoek azterketak egin behar dituzte, eta agintariek baieztatu dutenez, itsasoaren higadurak bidearen zati batzuk jadanik urratu dituela bizpahiru puntutan.
Urruña bezala, Hendaia ere hunkitua da arazo honekin. Kotte Ecenarro auzapezak Hendaiako sarrerak arrunt blokatuak direla salatzen du. Baina alternatibak ez dira errex atxemaiten ahal bere ustetan, eta luze joko duela dio. “Bizpahiru puntu sentsibleetan, higatuenetan, errepidea 50-100 metro barrenera gibelatuz 50 urteetarako lasai egn gintezke”, dio. Departamenduak dagoeneko 80 miliun euroko inbestizamendua galdegingo lukeen proiektu bat ere mahaigainean du aztergai.
Ahatik, konponbide honek 5 eta 10 urte artean hartuko lituzke Ecenarroren arabera. “Ikerleek ibilbide berri bat diseinatu beharko lukete, horren arabera zer lur hunkituak diren ikusi, tokiko PLU hirigintza planak aldatu, ingurumen ikerketak… baina denok ados gira oraindanik interbenitzeko beharra dagoela, beraz, bizpahiru puntu lanjerosa horietan eskuhartu beharko da”, argitu du Hendaiako auzapezak.
Entzun gaur Goizeko Kafean egin dugun bilduma.