Kultur-aniztasuna

Bazkari bat aniztasunaren alde

Aitor Errazkin 2023ko aza. 10a, 12:19

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak erakundeak "Bizilagunak" ekimenaren hamargarren edizioa antolatu du azaroaren 19an. Egun horretan Gipuzkoa osoan "bertako zein kanpoko jatorria duten bizilagunak" mahai baten inguruan elkartuko dira aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko xedez. Behe Bidasoan ere parte hartzeko deialdia luzatu dute. 

Iaz 76 bazkari antolatu zituzten Gipuzkoa osoan. Nerea Ramos SOS Arrazakeriako kideak dioenez, 'Bizilagunak' ekimenak bazkaria aitzakia ere izan daiteke harreman berriak sortzeko. "Aldamenean dagoen, baina oharkabean pasatzen zaigun bizilagun horrekin". Migratutako pertsonek euren sare soziala zabaltzeko dituzten zailtasunen gainetik, "integrazioa sustatu eta zurrumurruen kontra egiteko asmoz", SOS Arrazakeriak-ek etorkinak eta bertakoak bazkarietan bilduko dituzte azaroaren 19an. 

Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialak 'Gizarte Zibilaren Sarietarako' hautatu zuen 2016an SOS Arrazakeriaren ekimen hau. Izan ere, arrazismoaren eta xenofobiaren kontrako ekimen sozial eraginkorra izan daitekeela erakutsi du urteotan. Eta ediziorik jendetsuenetan 2.000 lagun bildu izan baditu ere, norbere etxe edo bazkaltzeko tokian. Pandemiaren ondorioz, aldiz, partehartzea apaldu egin da urteotan. 2020ean ‘on line’ harremanak sustatzen jarraitu zuten, baina iaz 76 bazkari besterik ez ziren antolatu. Nerea Ramosek azaldu digunez, “familiak izan daitezke, baina lagun koadrilak edo partikularrak ere, bizilagunak elkar ezagutzeko helburua baitu”.

Aurten deialdia Irun, Hondarribia eta Hendaian ere luzatu dute. Eta hainbat familik dagoeneko azaroaren 19ko hitzorduan izena eman dutela iragarri dute. Hortaz, ekimen honetan parte hartu nahi izanez gero, azaroak 13a da azken eguna apuntatzeko.

Horretarako, 943 32 18 11 telefonora deitu edo https://sosracismogipuzkoa.org webgunean ere egin daiteke azaroaren 13a baino lehen.

Erlazionatuak