Denon Bizitzak Erdigunean

Zuzeneko berezia Greba Orokor Feministaz

Antxeta Irratia 2023ko aza. 23a, 14:19

Azaroaren 23an, ostegunez, Irungo Emakumeen Etxetik zuzenean izan gara bi orduz, azaroaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu duen Greba Orokor Feministaz.

Gure eskualdean grebaren antolakuntzan dabilen Ainara Lopez eta Ipar Euskal Herriko LAB Sindikatuko Argitxu Dufaurekin hasi dugu emankizuna. Ondoren, sindikalgintzatik grebari eman zaio bultzada ulertzeko eta bereziki adinekoen egoitzetan grebak duen eraginaz, LABeko Aratz Alzaga eta ELAko Ainhoa Arretxe izan ditugu.

Greba Orokor Feministak zaintza du gai zentral gisa. Etxeen barnean ere grebak izan dezakeen funtzioaz, amatasunaz eta zaintzaz Miren Lanz eta Kris Markosekin aritu gara luze zabal. Bukatzeko, gure gizartean zaintza lanen pisua bizkarrean daramatenei eman diegu ahotsa: emakume arrazializatuei. Marling Castillo eta Patti Iturria entzun ditugu, greba eskubide ezaz, etxeetan dauden lan baldintza eskasez eta kolektibo arrazializatuen aldarrikapenez. Izan ere, Hego Euskal Herriko emakume arrazializatuen kolektiboek, grebaren printzipioekin bat egin arren, parte hartuko ez dutela iragarri dute, greba eskubiderik ez baitute besteak beste.

Aitziber Zapirainek gidatu du emankizun berezia, Aimar Lopez izan da errealizazioan eta Bidasoko Hitzako Alaine Aranburuk zuzeneko kontaketa egin du sare sozialetan. Orri honetan entzun dezakezue saioa nahieran, eta azaroaren 30era bitartean elkarrizketen bideoak hedatuko ditu Antxeta Irratiak.

Erlazionatuak

Zuzeneko berezia Greba Orokor Feministaz

Antxeta Irratia 2023 aza 23 Behe Bidasoa