Frantses estatuan aurten emandako 121 feminizidioak eta espainiar estatuko indarkeria matxistaren beste 93 biktima (haurrak barne) gogoratu zituen larunbatean Hendaia-Hondarribia-Irun zeharkatu zuen M8 Asanblada Feminista Bidasoaren autokarabanak. Irungo Zabaltza plazan bukatu zuten kontzentrazio batekin, eta akatutako emakume eta haurren izenean gurutze eta tximeleta banarekin osatutako mural batekin.
Baina Hendaiako Avenida Zubiaren ondoan dagoen Maritxu Anatol plazatxoan hasi zen ekimena. Aurretik ere, Bagera elkarte feministak 100 lagun inguru elkartu zituen Hendaia manifestazioan zeharkatzeko, aurtengo mobilizazioaren pankartak aldarrikatzen zuen "Porno eta prostituzioa ere indarkeria matxista dira" lelopean. Maritxu Anatol plazan hendaiarren mezua irakurri zuten, eta 18:00etan Hondarribiko M8 plazatxoan irakurri zuten bertakoa. Manifestua hiru zatitan banaturik, A25eko lekukoan bildutako manifestu osoaren irakurketa egin zuten bukaeran Irungo Zabaltza plazako elgarretaratzean.
Pornoaren kontsumoa geroz eta nerabe eta haur gazteagoek egiten dutela, eta horrek emakumeak "kosifikatzeaz gain, eredu hetero-patriarkala indartzen" duela salatu dute aurten. Eta Irunen geroz eta zabalduagoa dagoen prostituzioa ere indarkeria matxista dela azpimarratu dute. Izan ere, frantses Estatua lege abolizionista duela hiru urte indarrean ezarri zuenetik, geroz eta gehiago dira Irunera jotzen duten mugaz bestaldeko gizonezkoak. "Irun prostituzioaren erdigune" bilakatu dela salatu dute, eta emakume hauek beharturik iristen direla "prostituituak" izatera.
M8 asanbladako kide diren Gaurko Andreak, Bagera, Txingudi Feminista elkartea, Argoiak edota Emeki elkarteko kideekin hitz egiteko aukera izan genuen mobilizazio artean.