Zaintza publiko eta unibertsala aldarrikatzen dituen Greba Feminista Orokorra da gaur. Mugimendu Feministak deitua eta sindikatu eta eragile anitzen babesarekin, «Denon Bizitzak Erdigunean» lemapean ari dira greban. Industriguneetan hasi dira mobilizazioak 6:00etan. LAB sindikatuko OarsoBidasoko ordezkariak Aratz Alzagak Antxeta Irratian azaldu duenez, «sektore maskulinizatuetan» ere sentsibilizatu eta mezua pasarazi nahi izan dute «denok izango dugulako zainduak izateko beharra noizpait».
Ondoren, goizeko 8:00ak pasata zirela abiatu dira aurreikusitakoa zuten baino grebalari gehiagok autokarabana. Irungo Gal Stadiumetik eta eta Hondarribiko Eroskitik abiatu, eta eskualdeko errepide nagusiak zeharkatu dituzte ordubetez trafikoa blokatuz. Bereziki Jaitzubian eta Gaintxurizketako bidean izan du eragina.
Elkarretaratze jendetsua Hondarribian
Goizeko 11:00etan Hondarribiko M8 plazan elgarretaratzea egin dute. Bertan izan dira Igor Enparan eta Estitxu Urtizberea Hondarribiko (Abotsanitz) alkate eta alkateordeak, baita EH Bilduko Garoa Lekuona bozeramalea ere. Pentsionisten mugimenduko kide batek hartu du hitza, 150 bat lagun bildu dituen elgarretaratzean.
Xole Agirre pentsiodunen mugimenduko kideak zaintzen gaiak hurbiletik hunkitzen dituela aitortu digu, haietako askok lan horietan pasa baitute bizia. Sei urte beteko dituzte urtarrilean asteroko mobilizazioan, eta gaurko greba haiena egin dute.
Aimar Lopez berekin mintzatu da elkarretaratzearen bukaeran:
Irunen, zaintza "negozioa" izan ez dadin
Geroago, 13:00ean deitu dute Irungo Ama Xantalen adineko erresidentzian kontzentrazioa ere. Eskualdeko greba batzordeko Ainara Lopezek gogoratu duenez, "ez gaude garen guztiak greban, askok ezin dutelako". Agerikoa izan da hori bertan. Udal zahar egoitzako langile bat ere ez baita elgarretaratzera atera. "Prekarioan daude, eta beldur dira, ez dute askatasunik greba egiteko", oroitarazi du Aratz Alzagak, LABeko ordezkariak. Oroitarazi dute, greba egin ezin duenik ere badagoela. Grebara atxikiak izan arren eskubidea bermatua ez dutenak edo zerbitzu minimoetan direnak besoko zapi laranja baten bidez identifikatzera deitu dituzte antolatzaileek.
Era berean, adinekoen zaintza azken urteotan gehien pribatizatu den arloa dela nabarmendu dute. "Pandemia garaian argi geratu zen zein ezinbestekoak ziren zaintza lanak, baina urteak pasa dira eta ez da ezer aldatu", dio Alzagak. Irungo Ama Xantalengoaren kasuan, jabetza publikokoa izanagatik ere, Eulen enpresa pribatuaren kudeaketapean du Irungo Udalak. Mobilizaziora batu diren hainbat langile ohiek oroitarazi dute funtzionario postua duten langileen soldata erdia zutela azpikontratarako bertan langile zirenean, lan berbera egitearen truke. Kontzentraziora Irungo Udaleko etxez-etxeko zaintza zerbitzuko hainbat langile batu dira ere. Pakik esan digunez, horretan ere azpikontratatua du zerbitzua udalak, eta egoera oso prekarioa da.
Zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzearekin langileen %40tik gora kontratu mugatuak edo behin-behinekoak dituztela salatu dute sindikatuek. Ainhoa Arretxe, ELAko ordezkariak oroitarazi du Antxeta Irratian langile hauen artean bajak ohikoak direla, %30eko absentismoarekin. "Hain baldintza prekarioa dute, lan ordutegi, lan-karga eta ekonomikoan, nekez uztartu dezaketela bizitza, lana eta euren osasuna".
Irunen, 300 bat lagun elkartu dira eguerdian bertan, pribatizazioa den "negozioarekin" bukatzea eskatzeko. "Zaintzak kapitalaren logikatik atera" behar direla aldarrikatu dute.
Koldo Nausia Paki eta Aratz Altzagarekin mintzatu da bertan:
Bortzirietan ere mobilizazioak deitu dituzte gaur. Beran kontzentrazioa egin dute 10:30tan, eta Lesakako adinekoen egoitza eta anbulatorioetan elkartu dira. Balorazio "hagitz ona" egin du Lesakako Mugimendu Feministak. Artikulu honetan dituzue ikus eta entzungai Bortzirietako mobilizazioak.
Goizean arrats
Goizeko autokarabanan 50 autok parte hartu dute sindikatuen arabera. Irun eta Hondarribiko errepideak hartu dituzte goizean goizetik, bozgorailu eta afitxen bidez gaurko aldarriak plazaratuz. Irungo sarreran eta sahiesbidean goizetan izaten den trafiko dentsoan eragina izan du karabanak zenbait minutuz. Honako bideoan ikus dezakegu Jaitzubiako errepide nagusian ordubetez sortu dituen zailtasunak.