Greba feminista orokorra

Bortzirietako zaintza guneetan ere mobilizatu dira

Paola Oscoz, Aimar Lopez 2023ko aza. 30a, 11:24

Lesakako zaintza gune desberdinetan elgarretaratzeak deitu dituzte kalejiran Greba Feminista Orokorra dela eta. Beran ere "Zaintzaren ibilbidea" egin dute. Eguerdian berriz, ikastetxeetan jarri dute zaintzaren ikusmira "Hezkuntza zaintzetatik hasten da!" lelopean. 500 lagun bildu dira arratsaldean Elizondon Baztan-Bidasoa eskualdeko manifestazioan. 

Magala udal haur eskolatik hasi dira goizeko 11:00etan. Bertako arduraduna Ana Maeztuk hartu du hitza. Ondoren 12:00etan zahar etxeko atarian elkartuko dira zaintza erdigunean jarrri beharra dagoela aldarrikatzeko. 

Gaur haur eskolak ateak itxi egin ditu, eta ikastolak eta eskolak zerbitzu minimoetan dira. Herriko zenbait komertziok ere ateak itxi dituzte. 

Komertzioetan eta ostalaritzan jarraipen handia izan du grebak Lesakan, haietako aunitz itxiak direlarik. Irekiak direnek, 11:00etatik 13:00etara mobilizazioekin bat egiteko ateak itxi dituztela azaldu dio Paola Oscozi Maddi Ane Txoperenak, Lesakako Xulufrinak talde feministako kideak.

Haur eskola itxia da, eskola eta ikastola zerbitzu minimoetan dira eta adinekoen egoitzan ere zerbitzu minimoetan dira. Etxez-etxeko zaintzaileek ere grebarekin bat egin dute.

Balorazio positiboa egin du Txoperenak Antxeta Irratian:

 

"Hezkuntza zaintzetatik hasten da"

Beran ere izan dira mobilizazioak. Goizean zehar, "Zaintzaren ibilbidea" deiturikoa egin dute zaintza guneetan zehar. Eguerdian berriz, Berako Mukixu Haur Eskolan bildu dira grebalariak, adinekoen egoitzetan ez ezik, ikastetxeetan ere jarriz zaintzaren fokoa. "Hezkuntza zaintzetatik hasten da!" lemapean bildu dira.

 

Manifestaldia Elizondon

Arratsaldeko 18:00tan Baztan-Bidasoako mobilizazio nagusia Elizondon egin dute, eta bertara joateko karabana antolatu dute Beratik hasita Bortziri eta Malerrekan barrena. Orotara 500 lagun manifestatu dira Elizondon.