Euskal presoekiko elkartasun keinuak izanen dira gabonetan zehar

Aitor Errazkin, Aimar Lopez 2023ko abe. 22a, 15:43

Irun eta Hendaian elgarretaratzeak izanen dira heldu diren asteetan. Urtarrilaren 13an eginen du Sarek urteroko manifestaldia Bilbon.

Ohikoa da eguberri inguruan euskal preso politikoekiko elkartasun keinuak izatea, eta aurten ere hala izanen da. Bidasoaldeari dagokionez, atzo bertan hasi ziren Irunen San Tomasen elkartasun argazki batekin, eta heldu diren egunetan bertze hainbat ekimen izanen dira. Izan ere, Iñigo Gebarak azaldu digunez, presoen dispertsioa bukatu bada ere, "oraindik badaude legediak bete gabe", bertzeak bertze eri diren presoen kasuan. Hala, haiei elkartasuna eta maitasuna erakusteko mobilizatuko dira.

"Giltzak" lelopean eginen da urteroko Bilboko manifestaldia urtarrilaren 13an. Mobilizazio honetarako beroketa gisa elkarretaratzeak izanen dira Irunen abenduaren 24 eta 29an. Bertzalde, abenduaren 31n, ohiko brindisa izanen da 19:00tan Moskun.

Hendaian, azken ostirala

Hendaian berriz, abenduaren 29an, urteko azken ostirala izanik, elgarretaratzea izanen da Gaztelu Zaharreko biribilgunean, eta ondoren elkartasun pintxo potea Baleak elkartean.

Argazkia: Elkartasun keinua izan zuten San Tomasen Irunen. Alaine Aranburu/Bidasoko Hitza