Atzo hasi zen Madrilen espainiar estatuko turismoko azoka, eta bertan dira Irungo eta Hondarribiko udalak, Bidasoa Bizirik agentzia ere bai. Aurtengoan, eskualdea helmuga turistiko bezala promozionatzeaz gain, bereizgarri bat ere jasoko dute, espainiar turismo ministeritzak ematen duen Turismo Helmuga Adimendunaren bereizgarria hain zuzen ere.
"Produktu turistikoen sorkuntzaren kudeaketa eraginkorragatik, sentsorizazioagatik eta helmugan dituen kudeaketa-sistemengatik, eskualdea ondo kokatuta dagoelako turistentzako eta bisitari profesionalentzako webguneen bidez, bisitariaren eta egoiliarraren arteko elkarreraginaren sustapen aktiboagatik, eta Bidasoako Hiri Behatokia dagoelako" jasotzen du bereizgarri hau eskualdeak, Bidasoa Bizirik agentziak azaldu duenez.
Estitxu Urtizberea Hondarribiko lehen alkateordea eta Miguel Angel Paez Irungo lehen alkateordea Fiturren dira. Urtizbereak Antxeta Irratiari azaldu dionez, "turismo eredu berritzaile baten alde egiteko" hausnarketa batean da udala, "bertakoen bizitza kalitatea eta turismoaren sektore ekonomiko garrantzitsua uztartzeko". Hala, Abotsanitzek historikoki turismo eredu masiboarekiko izan duen kritikotasuna ukatu gabe, garrantzia eman dio alkateordeak Fitur bezalako azoka batean presentzia izateari: "halako ferietatik ateratzen da hiriaren irudi bat, eta jasangarritasuna proiektatzea" ezinbestekotzat dute.
"Eskualdeko ikuspegia defendatzen"
Hain zuzen ere, Hondarribiak jasotzen duen turista kopuru handia erregulatzeko, Hendaian eta Irunen ere banatzea tresna egokitzat du Estitxu Urtizbereak. Hala, eskualdearen irudia proiektatuko dute Fiturren, hiri bakar batean zentratu beharrean.