Irungo eta Hondarribiko udalek bilera egin zuten joan den astean osasun-langileekin, eta bilera bat eskatu diote EAEko Osasun sailburuari, eskualdeko osasun-egoerari behin betiko eta premiazko konponbidea emate aldera.
Irungo Udalak Eusko Jaurlaritzari aspaldi egiten dion eskaerari batu zaio Hondarribiko udala, Oñaurren osasun etxe berri bat eraikitzea hots. Bi herriko etxeek ostiralean hedaturiko ohar batean, Cristina Laborda Irungo alkateak oroitarazi zuen auzo horretan 10.000 metro karratuko lursail bat duela udalak anbulatorioa eraikitzeko prest.
Igor Enparanek, bere aldetik, Hondarribitarren onerako Bidasoa Ospitala handitzeko eta espezialitate gehiago ekartzeko eskatu du, azaldu duenez, “osasungintza funtsezko zerbitzu bat baita eta sahiestezina izan behar bailuke”.
Bi auzapezek eskerrak eman dizkiete eskualdeko osasun langileei eta Osasun Bidasoa plataformari. Heldu diren asteetan, bilkura gehiago eginen dituzte hunkituriko eragileekin.
Irungo EHBilduk bere aldetik mozio bat aurkeztuko du gai beraren inguruan, osasun sailari udalek egindako eskaerez gain Erdiguneko osasun etxea handitzeko eskatuz, baita gaur egun dauden baliabideen banaketa hobetzea galdeginez ere.