memoria historikoa

Kepa Ordoki elkarteak 36ko gerlako iheslari bidasotarrak gogora ekarri ditu Otsail Egunak ekimenean

Antxeta Irratia 2024ko ots. 23a, 10:25

Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikar irundarra eta 1937-1940 urteetan Amikuzeko Arruta-Xarrikotako Zamakoitzia etxean aterpetu zituzten iheslari bidasotarren memoria ariketa egin dute Donapaleuko Otsail Egunak ekimenean. 

Kepa Ordoki memoria elkarteko Joxan Elosegi irundarra, Donapaleuko Bideak kulturgunean ospatzen ari diren Otsail Egunak ekimenaren barruan hitzaldia eman du ostegun honetan. 1936ko gerlatik ihesi joandako ehunka jende aterpetu zituen Arrueta-Sarrikotako Zamakoitzia etxeak. Eta horietariko asko bidasotarrak ziren. Besteak beste, Joxe Mari Lopetegi bertsolari irundar ezaguna.

Bada gertakari horien harira gutti ezagutzen den kapitulu bat, eta Amikuzeko xokoa xuxenki hunkitzen duena: Arruta Xarrikotako Zamakoitzia etxeko iheslarien egonaldia. Joxan Elosegik azaldu digunez, Eusko Jaurlaritzak etxe hura hartu zuen eta colonia gisa baliatu zuen euskal iheslari haiek aterpetzeko. 1937 eta 1940 artean, ehunka iheslari izan ziren, eta gehienak Hondarribia eta Irun aldekoak ziren. Horietarik lau hor ehortziak izan ziren, besteak edo etxera itzuli zirelarik gerla amaitu eta gauzak eztitu zirenean, edo bestela ere, munduan barna barreiatu ziren, etxera itzultzea sobera arriskutsua zitzaielarik, ikusiz nolako basakeriak egiten zituen frankismoak.

Bada Arrutan hil den horietarik bat, Joxe Mari Lopetegi bertsolaria (1875-1942). Errepublikanoa zen bera, eta arras inplikatua zen orduko ideien batailan, bere ideiak bere bertsoekin zabaltzen zituen eta Irunen hautetsi ere izan zen.

Garai, gertakari eta jende horien ezagutzeko, Irungo Kepa Ordoki memoria elkartea gonbidatu dute aste honetan Donapaleura. Eta Joxan Elosegirekin hitz egin dugu memoria ariketa egin nahian.