«Berdintasuna arau izango den etorkizuna eraikitzeko» eskualde mailako manifestazioa deitu du berriz ere M8 Asanblada Feminista Bidasoak martxoaren 8an. 2019az geroztik Irun, Hondarribia eta Hendaiako eragile feministok antolatzen dute bailara mailako mobilizazioa, indarrak batu nahian.
Izan ere, hiru udalek norbere herriko eragileekin programazio eta elgarretaratzeak antolatzen dituzten bitartean, gizartea agintarien aurretik doala erakutsi nahi dute beste behien ere. Asanblada 2018an eratu zutenetik, «zubiak lotzeko direla» argi izan dute, eta «eskualdeko emakumeak elkarrekin indartsuagoak». Bidasoaren bi ertzeetan berdintasun politikak abiadura desberdinak dituztela oroitarazi dute.
Abiadura desberdinak
Itziar Varela hendaiarrak dioenez, Hendaiako herriko etxean Segurtasun arloaren baitan aurkitzen da gaur egun indarkeria matxista zein berdintasun politika oro. Aldiz, Irungo Irene Kastezubik eta Hondarribiko Mariaje Berrotaranek ere, argi dute euren bi udalerrien artean ere, abiadura desberdinak daudela. Irungo Udalak bere V. Berdintasun Plana «alardearen gaia tartean dagoelako airean duen bitartean», Hondarribian berdintasun teknikari postua sortzeko aurreneko urratsak eman baititu Hondarribiko udal gobernu berriak.
Zentzu honetan, aurtengo mobilizazioetan agintarien arreta piztu nahi dute. Genero berdintasuna sustatzen duten politika inklusiboen eta guztientzako segurtasun bermeak aldarrikatuko dituzte, «historia markatu duten emakumeen borroka nekaezina» gogoan hartuz, baina oraindik ere, «hesi eta sabai asko botatzeko erronka» dutela aurretik borrokatzeko.
M8 Asanblada Feminista Bidasoako hiru kideekin hitz egin dugu luze eta zabal, eskualdeko hiru herrien indarrak batzearen beharraz, baita hiru herrietako emakume askok bizi dituzten egoera eta dituzten bizi-baldintza desberdinetaz ere. Diskriminazio mota guztien desagertzea exijitzen dute, baina horretarako berdintasun politika inklusiboak sustatu behar direla kontuan hartuta, erronkaren heineko finantziazio publikoa eskatzen dute. Hartara, «Eskubideak finantzatzea berdintasuna bizkortzea delako!» lelopean egingo dute manifestazioa martxoaren 8 honetan.
Mobilizazio eguna
Mobilizazio egunean ere, goizean Irungo Zabaltza plazan, eta arratsaldean manifestazioa hasi aurretik Hendaiako Gaztelu Zaharren, zapi moreak eta pinak salduko dituzte asanbladako kideek, mobilizazioetan erabiltzeko soinu-ekipo bat erosteko dirua biltzeko. Hondarribiko Martxoak 8 plazatxoan ere salduko dute materiala. Hain justu, Emeki elkarteak Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaia ikastetxeetako ehundik gora ikasleekin batera antolatu duten Sare Morea Ehuntzeko ekimena probestuta.
Manifestazioa bi zutabetan antolatuko dute bailara lotuz. Bata Hondarribiko M8 plazatik abiatuko da 17:30ean, eta beste zutabeak 17:45ean emana du hitzordua Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekutik. Irundarrek, aldiz, bi aukera izango dituzte. Hendaiako zutabearekin bat egin 18:15ean Santiago zubianb. Hala Hondarribikoei harrera egin Mendeluko Zubimuxu biribilgunean 18:30ean. Ondoren, bi zutabeak Zabaltza plazan elkartuko dira 19:00etan. Eta bertatik San Juan plazara joango dira manifestazioan. Iragarri dutenez, aurten modu desberdin batean itxiko dute mobilizazioa Irungo udaletxe aurrean.