Belaunaldi berrientzat eredu diren sei emakume ekintzaile dira Bidasoa Biziriken M8ko kanpainaren protagonista

Antxeta Irratia 2024ko mar. 7a, 14:02

Bidasoa Bizirik garapen agentziak Emakume Langilearen Egunari keinu bat egin, eta urte osoan zehar sustatzen dituen berdintasunaren aldeko politiken hari beretik, eskualdeko sei emakume ekintzaileri elkarrizketa bideoak plazaratuko ditu sare sozialetan egunotan. Emakumeen ekintzailetza ikustarazi eta belaunaldi berrientzat eredu izan daitezen.

Gogoan hartu behar da, Bidasoa Bizirikek 2020ean Berdintasun Plana onartu zuenetik hainbat urrats eman dituela zentzu honetan. Eta joan den otsailaren 16an, Eusko Jaurlaritzak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakunde laguntzaile gisa izendatu duela, Emakunderen Bai Sareko kolaboratzaile bilakatuz. Aitorpen horrek eta aipatutako Berdintasun Planak bere ekimenetan ez ezik, barne mailako langileen kudeaketan ere eragina du. Estitxu Urtizberea, Bidasoa Bizirik erakundeko presidente ordeak azpimarratu duenez, «gizartean benetako transformazio bat emateko arlo sozio-laborala oso garrantzitsua da». Eta zentzu horretan, garapen agentziak emakume ekintzaileei eskaintzen dien laguntza aukera berdintasunerako urrats bat gehiago da.

Horren irudiko dira, Martxoaren 8 honetan, eta Berdintasun Plan horren 5. ardatzari lotuta antolatu duten sentsibilizazio kanpaina hau. Eskualdeko sei emakume ekintzaileri bideoak grabatu dizkiete sareetan partekatzeko. Bertan euren negozio proiektua abian jartzeko topatu dituzten zailtasunen eta laguntzen berri ematen dute.

Amaia Iguiñiz psikologoa, Arantxa Lizarribar (Belarrak Ekodenda), Maria Peinado nutrizionista, Cristina Zafra (Grapetxea), Debora Ailla Pereira (Larreaundiko Debora Ailla Studio pigmentazio zentroa) eta Aitzpea Gonzalez Marfull, Oinaurre Pilates Zentrokoa dira bideotako protagonistak. Emakume gazteak denak, batzuk amatasuna eta ekintzaile nola eraman duten azpimarratu dute, baina denek errezeta berbera eman dute. «Zure proiektuan sinistu behar da, ez etsi eta burugogorra izan». Bidasoa Bizirik erakundeak proiektua garatzerako garaian eskaini dieten laguntza administratiboa eskertu dute denek.