Belaunaldi berriak ere batu dira Bidasoan, agintariei berdintasun politiketan sakondu dezaten exijitzeko

Koldo Nausia 2024ko mar. 9a, 12:03

M8 Asanblada Feminista Bidasoak deitutako eskualdeko manifestazioak 2.000 lagun bildu zituen Hendaia, Hondarribia eta Irungo karriketan, gazte askoren presentziarekin. Aurtengo leloaren ildo beretik, agintariei «berdintasuna finantzatzen» dela exijitzeaz gain, Afganistan eta Gazako emakumeak edota Irun-Hondarribiko alardeak ere izan zituzten gogoan amaiera agerraldian.

Joan den ostiralean 2.000 lagun inguru bildu zituen M8 Asanblada Feminista Bidasoak deitutako manifestazioak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, «aurten belaunaldi berrien erreleboa hartuko duten gazteen» presentzia handia izan du manifestazioak. Eta ekimen «hunkigarria» aitortu digute manifestaldi bukaeran asanbladako ordezkari diren Hendaiako Itziar Varelak, Irungo Irene Kastezubik eta Hondarribiko Koro Bidaurretak ere. Batetik, bi zutabetan antolatutako mobilizazioa izanik, Hondarribiko zein Hendaiako zutabeek irundarrekin bat egiterako uneak «bereziak» izan direlako, «muga eta oztopo guztien gainetik, Bidasoaldeko emakumeak besarkada batekin indarrak elkartzeko» ahaleginetan ari direlaren irudiko. 

Denek batera, Zabaltza plazatik San Juan plazarako bidea egin zuten gero. Eta aurten, ohiko manifestua irakurri beharrean, euskaraz eta bertsotan plazaratu zuen Haize Lekuona biriatuar gazteak, manifestazioaren leloarekin bat eginez, berdintasuna finantzatu beharra dagoela aldarrikatzeko exijentzia agintariei gogoratuz, baina baita Afganistanen zein Gazan emakumeek jasaten ari direna, edota Bidasoko bi alardeak gogoan hartuta ere, «segi dezagun emakumea biltzen plazaren erdira, alarde egun guztiak ere martxoak 8 baitira» azpimarratuz.