Osasun publikoa Bidasoan lehen mailako «arazo politikoa» bilakatu dela salatu dute

Antxeta Irratia 2024ko mar. 13a, 13:08

Bidasotarrak «zigortzen» dituela leporatu dio Osasun Bidasoa plataformak Eusko Jaurlaritzari. Inbertsio eza, itxaron-zerrenda arazoaren areagotzea eta mediku falta nabarmenduz. Oinaurreko anbulategi berriaren premia gorria eta ospitalearen egoera ere salatzeko, astero mobilizatuko dira martxoa eta apirilan.

Lehengo lepotik burua jarraitzen du osasun zerbitzu publikoak Bidasoan. Espazio falta, baliabide eskaxak, inbertsio eza eta epe laburreko aterabide garbirik gabe. «Arazo politikoa» dela salatu du Osasun Bidasoa plataformak. Izan ere, erabakiak hartu behar dituzten erakunde publikoetan diren alderdi politiko desberdinek proposatutako alternatiben arteko eztabaida argitu bitartean, ez dirudi irundarrek anbulategi berririk lortuko dutenik, ezta Bidasoa ospitaleak dituen gabeziak inork asebeteko dituenik ere. 

Inbertsio falta «lotsagarria»

Bitartean, dagoena mantentzeko ere inbertsiorik ez du Osasun Sailak egiten plataformak salatu duenaren arabera. Iaz Dunboako anbulategian egindako 30.000 euroko atontze lanen ondotik, 2024 urterako Osasun Sailak inbertsiorik ez duela aurreikusi salatu du plataformak. «Bidasoa eskualdea zigortuta dago, eta arazoa politikoa da, Osasun Sailak idatziz onartu baitu lehen arretaren egoera larria dela», diote plataformakideek. Bestalde, osasun langileen lan baldintzak ere txarrak dira, eta ez dute eskualdeko lehen arreta zentroetan lan egin nahi. Izan ere, mediku-paziente ratioak EAEko handienak dira. Dunboakoa 80. hamarkadan eraikia txiki geratu da, baina ezin da handitu. Irungo Erdigunekoan, aldiz, 21 mediku dira gaur egun, eta 1.800 metro karratutan 38.000 pertsonari eskaintzen die arreta, Osakidetzako sare osoan paziente gehien dituen anbulategia izanik. 50. hamarkadako eraikina da, eta urteotan itxaron gelak eta komunak kontsulta bilakatu dira. Esterilizazio zerbitzua eskailera batzuen azpian dago kokatuta, aldageletan ez dago ez dutxarik ezta komunik ere, eta barrakoiak ere egokitu behar izan dituzte zenbait zerbitzu segurtatzeko.

Jakina den bezala, 2011an Oinaurren anbulatorio bat eraikitzeko eskaera luzatu zitzaion Osasun Sailari, baita Irungo Udalak horretarako lursail bat erreserbatu ere. Baina, anbulatorio hori eraikitzeko proiektua ez dago martxan. Eta VIA IRUN proiektuaren baitan EAJak egindako proiektu alternatiboak dena airean utzi du, «erabakien zain, lehen arretak etengabe okertzen ari den bitartean». «Egoera oso prekarioa da, eta osasun langileek Osakidetzako beste zentro batzuetara alde egiten dute», aitortu du plataformatik, eta horren ondorioz, Bidasoan larrialdi zerbitzuetako gutxienez zortzi txanda egon dira medikurik gabe Erdiguneko anbulatorioan. Hauek erizainek bermatzen dituzte. Baina hauek ez dute legez eskumenik paziente bat medikalizatzeko, eta larrialdi egoera baten aurrean «arriskutsua» izan daitekela salatu du plataformak. «Normalizatzen ari da larrialdietan medikurik ez egotea», diote.  

Itxaron zerrendak «jasanezinak»

Bestalde, Osakidetzak itxaron-zerrendetan legez 30 eguneko epea bete behar duela oroitarazi dute. Eta hau ez dela aspaldi betetzen ari Bidasoan. «Etengabe luzatzen doaz, eta pazienteak behin eta berriz jotzen dute lehen arretako medikura arazo berarekin, anbulategiak kolapsatuz eta diagnostiko larriak berandu eginez», nabarmendu dute. Izan ere, ekografia bat egin eta diagnostikoa lortu arte urtebete pasa daiteke zenbait kasuetan. Traumatologia ere jarri dute adibidetzat, 190 egun arte itxaron behar baitute pazienteek espezialistak ikus dezan.  Ginekologian, aldiz, hiru hilabeteko itxaron-zerrendak daude. Hortaz, ospitaleko espezialisten kontsultetarako itxaron-zerrendak laburtzeko neurriak hartzea, eta gehienez ere 60 egunekoak izan daitezela eskatzen dute.

Aldi berean, kezka agertu dute desagertzeko zorian diren zebait zerbitzurekin. «Urologian eta minaren unitatean ez dituzte hitzordurik ematen dagoeneko, argitu dute, “zenbait zerbitzu pribatizatzen ari direlako”. Zentzu honetan, urologia kasu gehienak Donostiako Poliklinikara bideratu dituztela azaldu dute, «zerbitzuak diru publikoarekin azpikontratatu, eta lagun baten poltsikoa betetzen ari dira horrela» salatzen dute. Are gehiago Bidasoa ospitalean urologia eta minaren unitatea ere, ekainan itxi egingo dituztela iragarri dute.

Horiek hala, martxoan eta apirilean mobilizatzera deitu dute berriz ere. Aurreneko deialdia 23. KORRIKA probestuta egingo dute, ostegun honetan 16:00etan Erdiguneko anbulatorioaren aurrean. Heldu den astetik aurrera, aldiz, ostegunero 14:00etan Irun eta Hondarribiko osasun zentro batean elgarretaratzea deituko dute. Lehena, Irun Erdiguneko anbulatorioan, martxoaren 19an. Eta apirilaren 13an, larunbatarekin, manifestazioa egingo dute 18:00etan Irungo San Juan plazatik abiatuta.