Urte oparoenetan 30 harrera familia baino gehiago bildu izan dituzte Irun eta Hondarribian, baina pandemiak programa eten zuenetik, asko kostatzen ari zaie berriz ere martxan jartzea. Iaz 3 haur besterik ez ziren eskualdera etorri, eta aurten aldiz, dagoeneko 10 dira animatu diren harrera-familiak. Halere, uztaila-abuztuan 9 urtetik aurrerako 300 ume ekarri nahi dituzte Hego Euskal Herrira, eta kanpainaren azken txanpan, aukera hori aztertzeko deia luzatu die Tadamun elkarteak bidasotarrei.
Izan ere, inoiz baino behar handiago dute haur hauek Oporrak Bakean pasa eta osasun mailan hobetzeko. Elkarteko Miren Olaskoagak azaldu digunez, «Ukraina eta Gazako gatazken ondorioz ACNUR erakundeak Aljeriako Tindufeko basamortuko bost akanpalekuetan bizirauten duten Mendebaldeko Saharako 173.000 errefuxatuek geroz eta elikagai eta nazioarteko laguntza gutxiago jasotzen ari dira». Horren ondorioz, haur sahararren herena, dagoeneko, desnutrizio egoera larrian aurkitzen da. Horri udan basamortuko 55 gradu arteko tenperaturetatik ihes egiteko beharra gehitzen zaio. Olaskoagak aitortu digunez, nazioarteko egoera politikoa dela eta, geroz eta burokrazia gehiago eskatzen du harrera familia izateak. Baina ez dago aitzakiarik bere ustetan, «borondate kontua delako».
Basamortuko anai-arrebak
El Aaiún, Auserd, Smara, Dajla eta Bojador dira Tindufeko basamortuko akanpalekuak, eta familia bakoitzetik gehienez ere, haur batek du bidaiatzeko aukera. Junkal Ruiz de Apodaka, Tadamun elkarteko kidea da, eta aurten basamortuko akanpalekuetan egon berri da, supermerkatuetan eta eskoletan Gipuzkoan bildutako 40 tona elikagaiak eramateko Euskal Elikagaien Karabana Aljeriara bideratzeko bolondres lanetan aritu baita.
Harrera ahizpa izan da bera hainbatetan, eta argi du haur hauentzako zer suposatzen duen, baita harrera-familiarentzat ere, «asko ematen diegu, baina haietaz asko ikasten da, asko da ematen digutena, niretzat basamortuko ahizpa da», dio. Errefuxatu haurrei, aldiz, «kriston bizitasuna ematen die haur hauei hona etortzea, bero handietatik urrun eta kalitatezko ura edaten dute, ondo elikatu eta mediku frogak egiten dizkiete Osakidetzarekin akordio bat dagoelako», azpimarratzen du. Izan ere, askori betaurrekoak jartzen dizkiete errebisioak egin eta gero, behar dituztelako baina ez zekiten. Halako kasuetan, Tadamun elkartea prest dago gastu gehigarriak diruztatzeko. Hortaz, harrera familiarentzat konpromisoa eskatzen du gastu ekonomikoa baino.
Gogoratu, Tadamun elkarteko sare sozialetan dutela informazio guztia. Eta haiekin harremanetan sartzeko telefonoa 628 569 463 da.