‘Uda Bateko Besarkada’ lelopean Oporrak Bakean programa antolatzen ari da Tadamun elkartea, Fronte Polisarioaren Haima elkartearekin batera. 2004az geroztik basamortuko Tindouf (Aljeria) errefuxatu akanpalekuetatik Euskal Herrira uztaila eta abuztuan ekartzeko ekimena arrakastatsua izanagatik ere, pandemia garaian behartuta eten egin zuten. Hurrengo urtean gutxi batzuk eta abuztuan besterik ez ziren etorri. Eta asko kostatzen ari zaie programa berraktibatu eta harrera familiak mobilizatzea.
Garai oparoenetan Hondarribian 14 ume, eta beste 17 haur jaso izan zituzten Irunen. Pandemiaz geroztik hiruzpalau baino ez dira izan. Baina aurten berriz ere bidasotarren elkartasuna suspertzen ari dela dirudi. Normaltasunera bueltan. Eta aurten Hego Euskal Herrira 300 haur ekartzeko erronka jarri diote euren buruari elkartetik.
Ondo errotutako elkartasuna
Izan ere, negu hontako Elikagaien Karabana Solidarioa urtetan izandako arrakastatsuena izan da. Joan den larunbatean abiatu zen Donostiatik Alakanterako bidean, Gipuzkoan bildutako 40 tona elikagaien karabana lau kamioietan banatuta. Eta ferryan gero Oranera, orain Tindoufera heltzekotan da laguntza. Irun eta Hondarribiko supermerkatuetan eta hainbat ikastetxeen ahaleginari esker, Gipuzkoako 40 tona horietatik 10 Bidasoaldean jaso dituztela azpimarratu du Tadamuneko Miren Olaskoagak.
Aitortu digunez, Bidasoaldean beti egon da sentzibilizazio berezi bat Mendebaldeko Sahararekin. Gatazka biziberritu delarik, azken hiru urteotako gerla egoera oharkabean pasatzen ari dela dio Olaskoagak: «Nazioartean sortu diren Palestina zein Ukrainako gatazkek komunikabideen arreta dute, eta saharar herriak bizi duen egoerari buruz ezer gutxi dakigu». Aldiz, haien errealitate gordinak bere horretan jarraitzen du, 48 urtez erbestean, ACNURek segurtatzen dien elikadura minimoarekin bizirauten, eta «miseria bizian» basamortuan dauden 180.000 errefuxatuen egoera okerrera egiten duen bitartean.
Harrera familien bila
Hortaz, Oporrak Bakean programa inoiz baino beharrezkoagoa dela sinetsita daude Tadamun elkartean. Miren Olaskoagak dioenez, «udako bi hilabete horietan haurrak ondo elikatu eta osasun frogak eginda, hiruzpalau kilo gehiagorekin eta osasuntsuago itzultzen dira, udako 50 graduko beroetatik aldenduta». Hargatik, harrera familia gehiago anima daitezen deialdia luzatu dute. Aurten, momentuz, Irunera bi haur etorriko dira, eta Hondarribian beste 5. Talaia eskolako guraso elkarteak Tadamun gonbidatu baitu hitzaldi bat ematera, eta hortik zenbait familia animatu baitira. Halere, Bidasoaldera zetozen 30 haurren kopuruen garaietatik urrun daude oraindik.
Miren Olaskoagak oroitarazi duenez, «gogoa eta borondatea besterik ez da behar». Izan ere, haurra etxean hartu eta senide bat gehiago bezala tratatzeko baino ez dute eskatzen. «Materialki, arropa eta janari oso gutxi behar dute, horretara ohituak daudelako», gogoratzen du, eta gainerakoan «hegazkin bidaia edo haurrei Osakidetzan egiten zaizkien osasun frogen ondorioz, dentista eta betaurrekoak ere beharko badute, Tadamun elkartea prest da gastua bere gain hartzeko».
Berez, haurrek jasotzen dutena baino gehiago eman dezaketela azpimarratzen dute programan parte hartu izan duten guztiek. «Nik basamortuan hiru alaba ditudala esaten dut beti, zenbait uda jarraian zure etxera datorren haurra, familiako bat gehiago bilakatzen baita, eta gero betirako mantentzen duzu harremana haiekin», dio Olaskoagak.
Interesa duen orok Tadamuneko Miren Olaskoagarekin harremanetan sar daiteke 628 569 463 telefonora deituz. Porgraman izena emateko epea apirilaren 26ean itxiko dute.