Baliabide mugatua dugunez, UraMuga proiektuari ekin diote etorkizunean segurtatzeko

Koldo Nausia 2024ko api. 9a, 14:05

Urak ez du mugarik, baina baliabide mugatua da. Bi irizpide horiek «ura bezain garden» ulertuta, Behe Bidasoa, Bortziriak, Xareta eta Hego Lapurdiko herriak elkarlanean jarriko dituen UraMuga mugazgaindiko 3,6 milioi euroko proiektuari abiada eman diote gaur Hondarribiko Atalerrekako araztegian egindako jardunaldian.

Euri urak kudeatu, edateko kalitatezko ur-hornidura segurtatu eta itsasoa edo ibai arroak kutsatuko ez dituzten ur-zikinen tratamenduan elkarlana bilatuko dute mugazgaindi, batzuen eta besteen eskarmentua ez ezik, ur-baliabideak eta hauen kudeatzeko azpiegiturak partekatzeko asmoz. Larrialdi klimatikoaren mehatsuak sor ditzakeen beharren aurrean prest egon nahi dute agintariek. Eta POCTEFA europar funtsak %65 batean diruz lagundutako aukera hau probestu dute, orotara 3,6 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2026ko ekaina arte garatu beharko duten proiektu honetan.

Udalerri parte hartzaileek «uraren gobernantza eredua» elkarlanetik bultzatuko dute. Eta proiektu honi esker, Bidasoaren arroan ur-iturri berriak bilatzeko zundaketak egingo dituzte, larrialdi klimatikoak eragin ditzazkeen lehorte garaietan modu solidarioan baliabideak partekatzeko edota ur-zikinak kudeatu eta kutsadura sahiesteko instalazioen hobekuntzak egingo dituzte.

Haatik, etengabe garatu beharreko abiapuntua besterik ez da izango Europatik babestutako proiektu hau. Nahiz eta uraren kudeaketan mugazgaindiko hartu emanetan eskarmentua dago aldez aurretik. Izan ere, 2007tik Dantxarineako ur-zikinak Ainhoara bideratzen dituzte honen tratamendurako ere. Eta kontrako norantzan, Txingudiko Zerbitzuak Hendaiako Intzura-Le Joncaux auzoko eta industriguneko zein Pausuko ur-zikinak Hondarribiko araztegian kudeatzen ditu akordio bati esker, Hendaiako hondartzako araztegiraino ponpatzeko gai ez zirelako. Aipatu dutenez, bi proiektu hauek hobetzeko inbertsioak aurreikusten dituzte UraMuga kolaborazioari esker. 

Etorkizuneko erronka

Baina agintariek aitortu dutenez, uraren kudeaketa udalena den heinean, eta herri zein eskualde bakoitzak bere behar, baliabide edo gabeziak dituela aintzat hartuta, klima aldaketak etorkizunean eragingo dituen emergentziei erantzuteko lankidetza sakondu nahi dute proiektu honi esker. Irun-Hondarribia Endara urtegiak hornitzen ditu iturriak gaur egun, baina Jaizkibel mendiko lurrazpiko iturbegiak ustiatzeko azpiegitura ere prest dute, eta 10 urteotan sekulan erabili ez bada ere, "larrialdi baten aurrean seguru bat" dela nabarmendu du Leire Zubiturrek, Txinzerreko gerenteak. 

Ipar Euskal Herrian, aldiz, ur-hornidura segurratzea da arrangura nagusia. Joan den udan dagoeneko zailtasunak izan zituzten Azkain eta Donibane Lohitzunen. Eta Euskal Herri Elkargoaren aurrekontuaren heren bat uraren kudeaketa integralak daramala azpimarratu du Joseba Erremundegik, Elkargoko Mugazgaindiko Harremanetarako ordezkariak. Era berean, "ur zikinen tratamenduari dagokionez, zein ur-hornidura beharrak asetzeko kolaborazioan sakontzeak" aukera berriak sortzen dituela aitortu du. "Administrazio eta mugen gainetik, batek dituen azpiegiturak edo beste batek euki dezakeen edateko ura partekatzeak, etorkizuneko larrialdiak arinduko ditu", esan du Erremundegik. 

Jardunaldi honetan, Nafarroako hainbat eskualdeetano urak kudeatzen dituen Nielsen enpresako arduradunak bestalde, etorkizun hurbileko erronka nagusia "ura potablearen berrerabilera" izango dela iragarri du. "Hemen ez gaude ohituak euri asko dugulako, baina etorkizunean efizientzia ezinbestekoa izango da, iturriko ura erabili ondoren,  hau tratatuz gero, ureztatzeko edo kaleak garbitzeko balio dezakeelako garestiegi den tratamendu ziklo osoa berriz bururatu gabe", argitu du. 

Jardunaldia jarraitu dugu Antxeta Irratian, eta ondoren proiektuari buruzko xehetasunak bildu ditugu Joseba Erremundegi (Euskal Herri Elkargoko kontseilaria), Leire Zubitur (Txinzer kudeatzailea) eta Aitor Elexpururen (Berako alkatea) eskutik. Entzun elkarrizketa osoak jarraian.