Bidasoa Bizirik garapen agentziak ere, Aste Santuko turismo kanpainaren balorazio baikorra egin du. Irun eta Hondarribiko hotel-establezimenduek %88ko okupazioa gainditu egin dute martxoaren 28tik apirilaren 7ra. Zehazki, %93,70koa Irunen, eta %88,01ekoa Hondarribian. Bisitarien jatorriari dagokionez ere, alde txiki bat eman da bi udalerrien artean. Izan ere, Hondarribiko bisitarien %24a atzerrikoa izan den bitartean, Irunen %88ra iritsi da estatu mailakoena. Ohiko den bezala, Madril eta Bartzelonako asko hurbildu bada ere, azpimarratzekoa da aurten Gaztela Leon, Valentzia eta Gaztela Mantxatik etorritakoak ziren gehien bat. Hori berritasun bat dela aitortu dute. Eta horretan, Hondarribiko aireportuan Valentziarekin lotzeko hegaldia martxan jarri izanak eragina izan duela ondorioztatu dute.
Bestalde, Irungo Luis Mariano eta Hondarribiko Portuko zein Arma Plazako turismo bulegoetatik 2.688 bisitari jaso dituzte egun horietan.
Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirikeko presidenteak sasoiko datu onak nabarmendu ditu: “esan dezakegu Aste Santua apartekoa izan dela turismo datuei dagokienez, eskualdea euskal kostaldea bisitatzen dutenentzat gogokoenetako bat bezala finkatu egin da”.