Beñat Goitia gasteiztarrak irabazi zuen 2023an Antxeta Irratiak, Elkar Musikak eta Euskal Herria Zuzenean festibalak antolaturiko Paradisu Zinema Musika bekaren lehen edizioa. Iñigo Muguruza musikari irundarraren omenez antolaturiko sariketak Benizze proiektu musikala hautatu zuen, 2022tik Goitiaren bakarkako proiektua. 14 urte zituenetik aritu da musika munduan, "pausuz-pausu" euskal musika munduan murgilduz: Montauk taldeko kide izan zen, bertzeak bertze.
"Bortitzagoa eta dibertigarriagoa" da diska berria Goitiaren hitzetan, eta entzungai eta ikusgai duzuen hau lehenengo dastaldia dugu. Adunan ireki duten Elkar Estudio berrian egin du lan honen zati handia, bertako langileekin batera. Urtarrilean hurbildu zen bertara Antxeta Irratia, eta atzo zabaldu genuen bideoaz gain, elkarrizketa osoagoa ere egin genion. Ahotsen grabaketa bukatzen zebiltzan orduan.
Bekaren parte zen bertzalde Euskal Herria Zuzenean festibalean aritzeko aukera ere. Ekainaren 28tik 30era izanen da jaialdia, aurten Arberatze-Zilhekoan, Irisarri gibelean utzirik. Benizzez gain hamarka musikari eta talde ariko dira, Su Ta Gar, Belako edo Nakar tarteko. Txarteldegia irekia da jadanik.