Heldu den asteburuan Bidasoan Euskaraz besta Xaia ostatuan ospatuko dela iragarri badugu ere. Bada programak aurreikusten ez zuen azken orduko aparteko hitzordu bat. Irungo Behobiako eskola zaharretan abestera elkartu ohi den Bidasoaldekoak emakumeen abesbatzak, Ezpeletako Gozatuz abesbatzarekin harremanetan da aspaldi, eta iaz Espeletako elizan elkarrekin abesteko gonbidapena jaso ondoren, orain bidasotarrak izan dira emakume gazteek osatzen duten Lapurdiko abesbatza euren etxera etortzeko gomita luzatu dietenak. Eta etxe hori Pausu denez, "Pausun Kantuan" izendatu dute antolatu duten kontzertu ibiltaria.
Mariaje Ceberiok argitu digunez, aldiz, «Pausu dion kartela jarri dute Urruñako aldean, baina Irungoa ere Pausua da. Behobia esaten zaio, baina lehengo adineko pertsonek Pausua ezagutu dute betidanik». Hortaz, antolatu duten ekimenak bi abesbatzak ahizpatuko baditu, Irun eta Urruñako Pausu, bi estatuk banatu, baina Bidasoa ibaiak batzen dituen auzo berbera dela aldarrikatzeko baliatuko dute. Mari Karmen Munduatek azpimarratu nahi izan du «zubia lotzeko dagoela». Eta Bidasoaldeko abesbatzako kideak azaldu digunez, Urruñako Pausuko Xaia ostatuan hasiko dira abesten 17:30an. «Bertako nagusia Beñat Elizondorekin hitz egin genuen, eta kasualidadez Bidasoan Euskaraz besta antolatua zutela aipatu zigun, baina ekitaldien artean tarte bat libre zegoela eta ongi etorriak ginela», dio. Hortaz, euskaraz eta euskaratik Bidasoa bailarako herritarrak elkartzeko lanetan 20 urteko ibilbide luzea egin duen bestaren baitan abestuko dute.
Orotara 17 abestiz osatutako euskal kantutegia prestatu dute. Luisa Etxepare zuzendariaren agindupean, Itsasoa laino dago, Kinkirri kunkurru, Ikusi Mendizaleak, Goizian Argi Hastian, Baratze bat, Ixil-Ixilik, Aire Tun edo Eperra bezalakoak plazaratuko dituzte. Eta Xaia ostatuan hasiko badira ere, Pausuko zubiaren alde bietan abestuko dute. Mariaje Ceberiok iragarri duenez, ondoren Behobiako adinekoen lokalaren (garai bateko Cuerpo de Guardia) eraikinaren pareko plazan abestuko dute. Mendipe auzunean gero, eta Faisai ostatuaren atzealdeko aparkalekuan ere. Gero Behobiako eskola zaharren egoitzan amaitzeko mendari alaitu batekin.